Bai abuztuan bai irailean Bizkaiko Foru Aldundiak Ibilbide Historikoak deituriko programaren edizio berria eskainiko du.

Proposamen kultural honen barruan, Busturialdea-Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko Ibilbide Arkeologikoak antolatuko dira, hemen bost bisita gidatu eskainiko dira: Arrolako (Arratzu) oppidumeko aztarnategi arkeologikora; Foruko erromatar herrixkara; Tribisburuko (Bermeo-Busturia) nekropoli erromatarrera; Ereñozarko gaztelura (Ereño) eta Katillotxuko estazio megalitikora (Sukarrieta, Busturia eta Mundaka). Gainera, Bizkaiko Zin-bidearen Ibilbidea (Bilbo, Lezama, Larrabetzu, Morga, Gernika, Bermeo) eskainiko da eta baita Burdinolen Ibilbideak Barbadun Ibaia eta Lea Ibaira bisita gidatuak eginez.

Programak zenbait esperientzia batzen ditu, hala nola Foruko herrixka Erromatarrean eta Oppidum Arrola Arratzun egingo diren aurrez aurrekoa eta birtuala osatzen duten bisitak, alegia.

Foruko herrixkarako bisita gidatuak; hala, bisitaria oso modu errealean iraganera eramango dute eta I. mendeko erromatar herrixkaren birsorkuntza ikusi ahal izango du. Tableta baten bidez, bisitan zehar ikusiko dituen hondakinek are zentzu handiagoa hartuko dute, duela ia 2000 urte tokia nolakoa zen ikusteko aukera izango baitu. Berreraikitze birtual bati esker, historia eta kultura ondarea herritarrei are gehiago gerturatuko zaizkie. Bisitan funtsezko hiru puntu daude, eta haien bidez, esperientzia berri horiek bizi ahalko dira. Horretarako, tabletan botoi bat sakatu, eta herrixkak duela ia 2.000 urteko itxura hartuko du. Lehenengo puntua tailer metalurgiko bat da (II.-IV. mendeak), eta etxeko espazio bihurtzen da (IV. mendea). Bigarren puntua eraikin militar bat da (I. mendea), neurri batean tailer metalurgiko gisa erabiltzen dena (II.-IV. mendeak); ondoren, etxeko espazio bihurtzen da ere (IV. mendea). Hirugarren puntua patioa duen etxe bat da, domus (I.-II. mendeak).

Aurrez aurreko esperientzia eta birtuala bateratzen dituzten bisita horiek Arratzuko Arrolako oppidumean 2019an abian jarritako bisitei gehitu behar zaizkie. Bisita horiek iraganera ere eramaten dute bisitaria, Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia birsortuz. Kasu honetan ere, tableta motako gailu mugikorren bidez, kastroa jatorrian nolakoa zen ikus daiteke, errealitatea berreraikitze birtualarekin bat egiteko tekniken bidez; egungo kastroko aireko bideoekin gozatu ahalko da ere, eta orduko herritarren etxebizitzetako baten benetako berreraikuntzaren 360 argazkiarekin birsortu ahal izango da.

Ibilbide Historikoak izaeneko programa honen bidez Bizkaiko paisaia eta natura inguruneko aztarnategi arkeologiko nagusiak ezagutarazi nahi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Irteera gidatuetan, Bizkaiko historiarako monumentu bikain horiek aztertzen eta kontserbatzen esku hartutako aditu profesionalen aholkularitza jaso da.

Bizkaiko kultura eskaintzaren barruan oso errotuta dagoen jarduera da. 2012an jarri zen martxan, eta Bizkaiko kultura eta ondarea zabaltzeko kalitatezko programa egonkor bihurtu da.