Emakumeen nagusitasuna azaltzeko, aurrekariak izan diren idazleak baino azken urteotan jazo diren prozesuak aipatzen ditu Jon Kortazar katedradunak.

Emakume idazle hauek aitzindariak ere izango zituzten.

—Guri prozesuak aztertzea gustatzen zaigu. Aitzindariak hor daude, Arantza Urretabizkaia edo Laura Mintegi aipatu behar dira, baina badago, baita ere, oihartzun handi barik isiltasunetik agertu diren prozesu batzuk. 2014. urtean emakumeek idatzitako narratibako liburuak gizonezkoak idatzitakoak baino gehiago izan ziren. Bigarren prozesu bat da emakumeen literatura, batez ere, martxoan argitaratzen dela; hau da, bere karga sinbolikoa erabiliz. Erabilita, gainera, garai batean hutsune bat zegoelako: Durangoko Azoka eta uda bitartean ez egoen kasik ezer. 2014tik aurrera prozesu hori sendotzen hasi zen. Aurrekariak badaude, baina beste prozesu ekonomiko eta editorialak ere, hurbilagokoak direnak.

Euskadi Saria da garrantzitsuena, baina hasten ari diren idazleentzat Igartza Saria ere badago. Azken 15 urtetan 12 emakumek irabazi dute.

—Leire Bilbaoren kasuan Kirico Saria irabazi zuen, ez da bakarrik Euskadi Saria. Itzulpena eta arrakasta kritikoa dira esanguratsuak. Eider Rodriguez, esaterako S Moda-n agertu da, El Pais-en, eta bere liburuen kritikak agertu dira hainbat egunkaritan. Igartza Saria jaso ostean ikusi behar da zein den ibilbidea, idazten jarraitzen ote duten.

Idazteko trebetasun goiztiarra agertzen duten horien artean, joera handiagoa dago emakumeen artean idazketa alboratzeko?

—Ibilbide falta euskal literaturaren ezaugarrietako bat da, gizon eta emakumeen artean. Literaturak badu pisu sinboliko garrantzitsua baina bat-batean ikusten da ez dela erraza hortik bizitzea edo argitaratzea. Badira faktore batzuk bakartasunaren izpia jartzen dutenak eta utzi egiten da. Emakumeen artean askok esaten dute amatasuna literaturatik urrun-tzeko arrazoi bat izaten dela.

Emakumeen nagusitasuna ez da euskal literaturaren fenomeno bat, unibertsala baizik.

—Bai, ez da bakarrik berton gerta-tzen. Gero eta indar handiagoa har-tzen ari da Estatu Batuetan, azken batean elementu asko datoz hortik. Galizian, adibidez, poeta emakume on asko dago. Eta Sari Nazionala urte bitan irabazi dute.

Zein neurritaraino lagundu du literatur sistemaren baitan dauden beste kolektiboetan, editore edo kritikoen artean, esaterako, emakumeen kopurua haztea?

—Garbi dago editoreen eragina garrantzitsua izan dela. Irakurleen klubak ere garrantzitsuak izan dira, eta irakurleak oro har. Esaten da irakurleak, batez ere, emakumeak direla orduan normalagoa iruditzen zait hurbilpen hori egitea.

Emakume idazleak gailentzen ari dira, baina emakumeak irakurtzen dituzten gizonak?

—Nik uste dut badirela. Ez dut uste muga edo horma bat dagoenik. Liburu honetan ahalegin bat egin genuen. Erdiak baino gehiago emakumeak dira kritikan, baina gizonezkoak ere badira. Ez dut uste aurreiritzirik dagoenik.

“Aurrekariak badaude, baina beste prozesu ekonomiko eta editorialak ere, hurbilagokoak direnak”