Síguenos en redes sociales:

Iagoba Molyren lanak apainduko du BilbaoArte Fundazioaren fatxada nagusia

Iagoba Molyren lanak apainduko du BilbaoArte Fundazioaren fatxada nagusiaB. U.

BilbaoArte Fundazioaren fatxada nagusiak itxura berria izango du. Konkretuki, 'Rojo, blanco, etc.' izeneko Iagoba Moly diseinatzailearen lana izango da Bilboko Udalaren arte garaikideko zentroaren fatxada berriaren irudia, horretarako egindako lehiaketaren irabazlea izan baita.

Hautatutako ideia fatxadako harlanduak margotzeaz baliatzen da degradatuak eta kolore-eskalak sortzeko. Alberto Corazonek diseinatutako BilbaoArteren logoaren kolore bereizgarrienak nabarmentzen dira, erakusketa-aretoko sarrera fundazioaren eta Bilboko Udalaren logoen kolore gorri bereizgarrian estaliko delarik.

Egilearen hitzetan, "Rojo, blanco, etc. (Gorria, zuria, eta abar) proiektuak, BibaoArte Fundazioaren fatxada pinturaz apaintzeko asmoa du, egungo erabilerara hobeto egokitu dadin, itxura esperimentalagoa eta artistikoagoa emanez, baina eraikinaren fatxada neoklasikoa erabat ezabatu gabe. Horretarako, Gregorio de Ibarretxe Ugarteren eraikineko elementu apaingarri eta arkitektonikoekin jolastu dut".

6.000 euroko saria merezi duen proposamen artistikoa hainbat arlotako profesionalek osatutako epaimahai batek aukeratu du: Fundazioaren patronatuak, Surbisak, BilbaoArtek, Bilbo Zaharreko auzo elkarteak eta artista batek osatutakoa, alegia. Azken erabakia hartzeko, herritarren bozketaren emaitza hartu da kontuan. Bertan, proposamen hori eta beste bat ziren faborito, eta irabazlea epaimahai bakoitzeko banakako bozketan boto gehien jaso dituena izan da.

Parte hartu duten 34 proposamenen artean, askotariko diseinu eta kolore-paleten artean, finalistak honako hamar proposamen hauek izan dira: Iagoba Molyren 'Rojo, blanco, etc.', Manu Arreguiren 'Reflejos recibidos desde la acera de enfrente', Esteban Torresen 'El orden verbal', Guillermo Melgosaren 'Reacondicionamiento de fachada', Javier Rodríguezen '43.25288, 2.92301', Fermín Morenoren 'CMYK', Maite Choya eta Daniel Alegreteren 'Esekitoki', Iván Beltránen 'Flysch', eta Leire Zabalaren 'BilbaoArteina azalean' eta 'All Iron'.

Azkenik, proiektua enpresa profesional espezializatu batek gauzatuko du, betiere artista egileek ikuskatuta.