Arriaga Antzokiak maiatzaren 17an Berlin People taldearen kontzertua hartuko duela iragarri du, "BJC Arriagan" zikloaren barruan. Hain zuzen ere, emanaldia 19: 30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude antzokiaren webgunean eta leihatiletan 21 euroren truke. Tobias Meinhart saxofoi jotzaile alemaniarra Tom Berkmann kontrabaxu jotzailea, Ludwig Hornung pianista eta Mathias Ruppnig bateria jotzailea biltzen dituen talde birtuoso eta irudimentsuaren buru da.

Tobias Meinhart hiri horretako jazz-agertokiko artista europarrik bikainenetakoa da. Bederatzi disko ditu taldeburu gisa eta prestigio handiko jazz-klub eta -aretoetan jotzen du aldizka: The Blue Note, The Jazz Gallery, Jazz At Lincoln Center, Birdland, 55 Bar eta Dizzy Coca Cola-n, batzuk aipatzearren. Kurt Rosenwinkel, Ingrid Jensen edo Aaron Goldberg musikariekin grabatu eta egin ditu birak, besteak beste, eta nazioarteko musikari ospetsu bihurtu da, eta ECHO bezalako izen handiko sarietarako hautagai ere izan da 2016an.

Saxofoi-jotzaile bavariar gaztea Berlin People proiektua aurkeztera iritsiko da Arriaga Antzokira, hain zuzen ere, bere jaioterri Alemaniako kultura musikalak New Yorkekin uztartzen dituen proiektua. Berlin People 2018an sortu zen eta Berlinen egoitza duen jazz boskote bat da. Taldearen soinu nagusia inprobisazio esperimentalean oinarritzen da eta, aldi berean, jazz estatubatuarraren tradizioa eta ikuspegi europarra uztartzen ditu. Taldekide guztiek beren sustraiak eta eraginak ekartzen dituzte hainbat sonoritate esploratzeko. Berlin People taldearen sail erritmikoan, Tom Berkmann baxu- eta kontrabaxu-jotzailea, Ludwig Hornung piano-jotzailea eta Mathias Ruppnig bateria-jotzailea ditugu. Guztiei ere begirune handia diete Berlingo agertokian musikari eta konpositore gisa. Energia, kimika musikala eta erraztasun teknikoa dira Meinhart buru duen talde honen ezaugarri nagusiak. Taldearen bosgarren elementua Kurt Rosenwinkel amerikar jazz gitarra-jotzaile ospetsua da, Berlinen bizi dena, nahiz eta, bere kasuan, bere kontzertu propioen agendak taldearen konpromiso guztietan parte hartzea eragozten dion.

Meinhart eta Bizkaia

Hainbat sariren merezidun, Tobias Meinhartek arrastoa utzi zuen Bizkaian, oso gazte zela, gainera. Ikasle zela sortu zuen Fourscore taldea. Talde horrekin bira egin zuen Alemanian, kritikaren eta ikusleen arreta erakarriz. Eta handik gutxira bere banda sortzea erabaki zuen, eta 2009ko Startbahn Jazz Lehiaketako lehen saria eta 2009ko Getxoko Jazzaldian Talde Onenaren Ikusleen Saria irabazi zituzten. Izan ere, Getxoko Jazzaldiarekin izan zuen harremana emankorra gertatu zitzaion, hiru urte geroago, 2012ko edizioan, Tobias Meinhart Quintet-arekin parte hartu baitzuen. Taldeen Lehen Saria eta, hori gutxi balitz, Bakarlaririk Onenaren Saria ere lortu zuen Tobiasek berak. Orain, hamar urte geroago, Meinhart nazioarteko agertokiko saxofoi-jotzaile garrantzitsuenetako bat da.