Síguenos en redes sociales:

Arriaga Antzokiak Alex Gerediagaren Winona & GracE obra hartuko du asteartetik

Arriaga Antzokiak Alex Gerediagaren Winona & Grace obraren astea hartuko du. Zehazki, bi emanaldi eskainiko ditu: lehena euskaraz, asteartean, eta bigarrena gaztelaniaz, asteazkenean. Sarrerak salgai daude jada antzokiaren webgunean eta leihatiletan.

Bi aktore gazte (Ainhoa Artetxek eta Graciela Donizek gorpuztutakoak) zuzendari ezagun baten etxean esnatzen dira, gauean parrandan ibili ostean; burua nahastuta dute eta apur bat mozkortuta daude oraindik. Apartamentuan bakarrik eta giltzapetuta daudenaz ohartzen dira. Orduan, euren burua patuaren esku uztea erabakitzen dute, eta elkarrekin biziko dituzten orduetan nor diren ezagutuko dute, eta guk ere jakingo dugu: munduan leku bat aurkitzeko borrokan ari diren bi emakume…

Horixe da Khea Ziater konpainiaren Winona & Grace lan berriaren argumentua, Alex Gerediagaren dramaturgia eta zuzendaritza dituena. Alex Gerediagak, bere ohiko estiloari leial, kode zinematografikoak eta eszenikoak fusionatzen ditu, obrari bestelako gaitasun narratiboa eta estetika indartsu eta zaindua emateko. Horretarako, eszenografia, jantziak, argiztapena eta bideoak erabiltzen ditu, obrari balio artistiko erantsia emanez.

Laburbilduz, antzezlan hau estetika zinematografikoko sorkuntza originala da, film eszeniko bat, ikuslea agertokitik pantailara eramaten duena, eta alderantziz. Eta jorratzen duen gaia gaur egungoa da, bi emakume jartzen baititu oholtza gainean, aktore izateak eta zure bizitza arteari eskaintzeak dakarren erabakiari buruz hitz egiteko. Hainbeste gorabehera dituen lanbidea bizitzearen ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak hautsi egiten du “izar izateko” ametsa, eta lanbide hau aukeratzeak dakarren errealitatea erakusten digu. Testuinguru horretan, “zer izan nahi dugu?” “Nor gara?” bihurtzen da, eta heldu bihurtzearekin, bizitzako erabakiekin, apurtutako ametsekin, etsipenarekin, norbait izateko exijentziarekin eta abarrekin lotutako galderak eta hausnarketak agertzen dira. Izan ere, Marylin Monroe handiak esan zuen: “aktore izatearekin amestea kitzikagarriagoa da aktore izatea baino”. Winona & Grace oso ikuspegi gizatiar eta dibertigarria duen antzezlana da, eta bidaia bat proposatzen du. Bidaia horretan, bi protagonistek elkar ezagutuko dute, aitorpen eta negar artean, txorakeria, abesti eta barre artean.

Antzezleak eta sortzaileak

Antzezpena etorkizun handiko bi aktore gaztek egingo dute: Ainhoa Artetxek eta Graciela Donizek, antzerkian eta ikus-entzunezko ekoizpen ezagunetan haien talentua jada erakutsi dutenak: Patria, Hondar Ahoak, La línea invisible, Stand by, ¿Qué fue de Ana García?, Pikuak...

Bi aktoreek ukondoz ukondo egin dute lan Alex Gerediaga zuzendariarekin, zeinak dramaturgia eraiki baitu, egile gazte eta femeninoko testu batetik abiatuta. Horrela, Khea Ziaterrek bi sortzaile gazteri ahotsa ematen die, kontatzeko beharraren eta konpainiaren hizkuntza bereziaren arteko topagunea sortuz. Bi belaunaldi elkarrekin sortzen.

Pertsonaiak

WINONA - AINHOA ARTETXE

Winona aktore gaztea da. Berak argi dauka: aktore izan nahi du eta gogor lan egiten du, baina oraindik ez du lortu bere ametsa bete dezakeela pentsaraziko dion paperik. Izaera probokatzailea, menderakaitza eta desafiatzailea du; ez du zalantzarik arriskatzeko orduan, eta behin eta berriz arriskatzen da nahi duena bilatzeko. Ausarta eta dibertigarria da, eta erraz erortzen da gaueko tentazioetan eta gehiegikerietan. Baina aurrerantz ihes egite horrek hauskortasun eta talentu handia ezkutatzen ditu, porrot egiteko eta bakarrik geratzeko beldurra atzetik dituztenak.

GRACE - GRACIELA DONIZ

Grace bere lehen aintzatespen handia lortu berri duen aktore gaztea da. Langile nekaezina, anbiziotsua eta zorrotza. Badaki, ordea, manerak zaintzen; lanbidean ondo hezitakoa da eta erraztasun handia du lanbideak eskatzen dituen egoera eta konpromiso desberdinetara egokitzeko: ekitaldiak, elkarrizketak... Baina bere gaitasunetatik harago, funtsean, Grace dirudiena baino zaurgarriagoa da, barruak jaten dizkion sekretu aitorrezin bat baitu.