Datorren ostiralean, abenduak 3, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, Eñaut Elorrieta abeslariak 'Irteera Argiak' izeneko bere azken diskoko kantuak abestuko ditu Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta bost euroko prezioa izango dute.

Egun horretan, Ken Zazpi taldeko abeslari ohiak euskararen erabilera aldarrikatuko du bere kontzertuarekin.

Berezko duen talentua eta etengabe hobetzeko eta esperimentatzeko irrika medio, 'Irteera argiak' izeneko bakarkako bigarren bilduma hau eman du argitara Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko ahots izandakoak. Bere hitzak ondu ez ezik, beste idazle batzuen testuak ere musikatu izan ditu Elorrietak, hala nola Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia eta Jose Luis Otamendi. Disko distiratsua eta aldi berean barea da; heldua eta aldi berean berria; eta abestia bera da guztietan artistaren oinarria eta tema. Urte hauetan guztietan bildutako ezagutza guztia jarri du konposizio berri hauen eta eszena-proposamen berriaren zerbitzuko.

Bidebarrieta Kulturgunea da, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan, kulturari eskainitako gunea. Helburuen artean du kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea.

Euskadin koronabirusak eragindako osasun-larrialdi egoera amaitu bada ere, prebentzio-neurri batzuek indarrean jarraitzen dute, eta, horien arabera, Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldietan edukiera aretoaren % 100 da, baina maskara janztea nahitaezkoa da, oraindik ere.