Kultur emanaldi baten atzean dagoen lan eta denbora guztiaren erakusgarri da Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloa. Osasun krisitik eratorritako egoera askoz kritikoagoa zenean planteatutako proiektua izanik, on line aurreikusi ziren aurten eskainiko diren kontzertuak iazko bidea jarraituz. Hortaz, Mikel Urdangarinek, Xamanak taldeak eta Olatz Salvadorrek aurretik grabatutako ikuskizunak azaroaren 12tik 28ra bitartean egongo dira ikusgai.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskaltzaleen Topagunearen eskutik oroimen historikoak ardaztutako ekimena izanik, altxamendu frankistak erasandako hiru herri enblematikotan filmatu dira kontzertuak: Otxandio, Barakaldo eta Ondarroa. Helburua, euskarazko kultur sorkuntzari arnasgune bat eskaintzeaz gain, herri honetan gertaturakoa ez ahaztea da.

“Guzti hau antolatzen hasi ginenean egoera orain baino askoz txarragoa zen”, aitortu du Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, kontzertu zikloaren on line izaera argumentatuz. “Garrantzitsuegia da kultura gure egunerokoan, are gehiago momentu zailetan”, adierazi du, bere aldetik, Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, Udagoieneko Ostera egiteari tinko eusteko arrazoitzat.

Iazkoan Bizkaiko hiru museo esanguratsu aukeratu baziren eszenatoki bezala, 22. edizio honetan musika emanaldien testuingurua bestelakoa izango da. Horrela, Mikel Urdangarinek Otxandioko Andikona Plazan, Xamanak Barakaldoko Munoa Jauregian eta Olatz Salvadorrek Ondarroako Saturrarango Pasabidean grabatu dituzte haien kontzertuak. Lehena azaroaren 12tik 14ra egongo da ikusgai Udagoieneko Osteraren webgunean; bigarrena, 19tik 21era; eta, azkena, 26tik 28ra.

ILDO NAGUSIAK JARRAITUZ

Nahiz eta zuzenekoa emankizunaren xarma izango ez duen, Udagoieneko Osterak bere ildo nagusiak jarraituko ditu. Euskarak zikloaren zigiluetako bat izaten segituko du. Beraz, parte hartzen duten sortzaileen hizkuntza da. “Helburua kulturaren eta musikaren bidez euskararen erabilera sustatzea da, baita aisialdian ere”, zehaztu du Bilbaok, izan ere Aldundiaren asmoa euskara esparru guztietan naturaltasunez erabiltzea da. Zentzu horretan, Endika Lahainek, Xamanak taldeko kideak, ekimenak Ezkerraldean euskararekin dagoen erronkari mesede egiten diola adierazi du. “Guk rapean eta beste eragile batzuek beste arloetan egiten dugun esfortzuari ahotsa ematen dio”, azaldu du Barakaldon arituko den musikariak.

Beste alde batetik, herritarrei “kalitatezko” musika sorkuntza eskaintzeaz gain, ekimenaren asmoa industria kulturala sustatzea da. “Kultur eragileei hauspoa eta bizi-indarra emateko baliagarria da”, ondorioztatu du diputatuak. Ildo horretatik, Mendizabalek Udagoieneko Ostera ziklo bat baino gehiago dela zehaztu du. Izan ere, sortzaileentzat ez ezik sormen lan honen atzean egon diren profesionalei arnasa emateko modu bat ere bada. Gainera, zikloak hartu duen Hegan abizena herri batetik bestera hegan egiteaz gain gertakizun batetik bestera hegan egiteko aukera ematen duelako jarrio ziotela azaldu du.

TENTUZ AUKERATUTAKO ESZENATOKIAK

Hegan egitearen beste arrazoi bat iraganeko pasadizo lazgarrietara hegan egiteko gonbitetik dator. “Tentuz aukeratu ditugu hiru kokalekuak”, ziurtatu du Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak. Mikel Urdangarinek Otxandioko Andikona plazan eskainiko du kontzertua, Europa mailan zibilen aurkako lehen bonbardaketa izan zen lekuan, hain zuzen ere. Xamanak taldeak, berriz, Barakaldoko Munoa Jauregian egingo du bere emanaldia, non begi-bistakoak diren oraindik ere 36ko guda zibilak utzitako aztarnak. “Garrantzitsua da honelako eraikinak berriztatzea eta gauzak antolatzeko aukera ematea herriari”, iritzi du Lahainek. Azkenik, Olatz Salvadorrek Saturrarango kartzelaren aldamenean emango du kontzertua.