Datorren ostegunean, azaroak 4, emakumeek zientziaren arloan izan duten eta daukaten garrantzia aldarrikatzen duen 'Emakumeek zientzia egiten dute' zikloa itzuli egingo da Bidebarrieta Kulturgunera.

Hilaren 4ko (osteguneko) hitzaldia Pampa García Molina SINC agentziako erredakzioburuak emango du, eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaz eta kazetaritzaz izango da. Esaten dutenez, “une hau momentu ona da. Halere, honelako albisteak “ikusienen” zerrendetan agertu ohi diren arren eta apurka-apurka herritarren kulturan sartzen ari diren arren, gutxitan entzuten dira emakume adituen ahotsak. Eta horren arrazoia ez da zientziaren munduan emakumeak urriak direla, baizik eta ez dutela gizonek besteko espazioa hartzen kazetarien agendan eta ez direla autoritatearen ahots gisa onartzen”.

Fenomeno hau ez da zientziari buruzko informazioan soilik gertatzen. Estatu Batuetako komunikabideen ikerketa batek, 1983. eta 2009. urteen artean egin zenak, ondorioztatu zuen prentsan agertzen diren sei izen bakoitzeko bost gizonenak direla eta bakar bat emakumeena. Informazioaren desoreka horrek munduaren erdia ezkutatzen du eta “paperezko sabaia” deritzo.

Pampa García Molina (Madril, 1976) kazetari zientifikoa da, fisika teorikoan lizentziatua eta kazetaritza zientifikoko masterra Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. 2011az geroztik FECYT-en lan egiten du, SINC-eko erredakzioburu gisa. SINC Estatuaren eremuan zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruzko informazioan espezializatutako lehenbiziko agentzia publikoa da gaztelaniaz, Creative Commons lizentziarekin. Zenbait irratsaiotako ohiko kolaboratzailea izan da, eta zientziari buruzko espazioak izan ditu RNE, Onda Cero eta beste irrati batzuetan. Prestakuntza espezializatua ematen du zientziaren kazetaritzaz eta komunikazioaz kazetarientzako nahiz ikertzaileentzako master profesionaletan, tailerretan eta mintegietan. 2009tik 2017ra arte Komunikazio Zientifikoaren Espainiar Elkarteko zuzendaritzako kidea izan zen, mahaikide, presidenteorde eta idazkari nagusi karguekin. Aurretik, Muy Interesante aldizkariko erredaktorea izan zen eta kolaboratzaile freelancea zenbait komunikabidetan, hala nola El Mundo, La Razón eta Quo. Eduki zientifikoen editorea izan da SM-n, Divulga komunikazio-enpresako erredaktore, eta adinekoentzako eta umeentzako dibulgazio-liburuetako egile.

Ostegunekoa izango da lau hitzorduetako lehena. Hurrengoak azaroaren 11n, 18an eta 25ean izango dira, eta izen hauek izango dituzte, hurrenez hurren: “Ángeles Alvariñoren borroka ikusezina eta klima-aldaketa”, “Osasuna, medikuntza eta emakumeak: ba al dago genero-ezberdintasunik?” eta “Bilboko arrokek ere euren historia/istorioak kontatzen dituzte”.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegian kulturari eskainitako espazioa bat da. Haren helburuen artean kulturaren, literaturaren eta zientziaren garapena eta sustapena daude.

Sarrera doakoa eta librea da, aretoa bete arte. Bertara joan gabe ere izango da aukera aurkezpena ikusteko, webgune honetan, streaming bidez.

Euskadin covid-19ak eragindako larrialdi sanitarioko egoera amaiturik, eta prebentzio-neurri batzuek indarrean dirautenez, Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldietan aretoa bete arte sartu ahalko da jendea, kopuru-mugarik gabe, baina maskara janztea nahitaezkoa izango da.