Erakusmahai erraldoia izateaz gain, kultur sorkuntzaren alorrean haziak ereiteko aukera ere ematen du Durangoko Azokak. Duela pare bat urte abiarazitako DA! PRO egitasmoak jauzi kualitatibo eta kuantitatibo nabarmena emango du edizio honetan.

Orain arte musikaren alorrean dabiltzaten profesionalei zuzendutako topaketa baldin bazen, hemendik aurrera beste diziplina batzuk ere hartuko ditu bere baitan: hala nola, familia-ikuskizunak zein literatura edota ikus-entzunezkoak. Era berean, sortzaileek euren ibilbide profesionaletan beharrezko dituzten baliabideak zeintzuk diren zehaztea izango du helburu. Ekimena abenduaren 1etik 4ra ospatuko da, BBKren babesarekin, Durangoko espazio ezberdinetan. Parte-hartzea doakoa izango bada ere, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

"DA! PRO sortzaileen eta kultur sektoreko profesionalen arteko topaketa bat da. Proiektu hau orain dela urte batzuk jarri genuen martxan Musika Bulegoarekin batera, baina aurten jauzi bat egin nahiko genuke. Ez dugu nahi musikara bakarrik mugatzea eta beste disiplina batzuk jorratu nahiko genituzke", azaldu du gaur Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko kudeatzaileak, aurten Berbaro euskara elkartea zein Bizenta Mogel Biblioteka bidelagun izango dituztela aipatu aurretik.

"Gure herri txiki baina anitz honetan kultura sortu, ekoiztu, programatu eta zabaltzen duten eragile eta profesionalei bidea erraztea du helburu ekimen honek, Durangoko Azoka herritar, euskaltzale eta kulturazaleen topagune izateaz gain, sektoreari bultzada bat emateko tokia ere badelako", adierazi du, bere aldetik, Koldo Bilbaok, BBKko Kultura arduradunak.

Aurreko edizioetan egun bakarrean antolatu den egitasmoaren helburua sortzaileak kultur arloko eragile ezberdinekin harremanetan jartzea da. "Sortzaile hasiberriek, edo ez hasiberriek, buruan proiektu bat baldin badaukate proiektu hori aurkezteko aukera eman nahi diegu argitaletxeen aurrean, diskoetxeen aurrean, management bulegoen aurrean... bere bide profesionala zabaltzen hasteko. Ez hori bakarrik, harremanetan jarri nahi ditugu, eta, gainera, sortzaileei eman nahi diegu gutxieneko ezagutza bat bide profesional horretan aurrera egiteko", argitu du Gaztelurrutiak Azokako bezperako egunetan abiatuko den ekimenari buruz.

EGUNEZ EGUN

Aurreko bi urteetan hasitako bideari jarraipena emanez, abenduko lehen egunean musikari eta musika-taldeek euren proiektu berriak aurkezteko aukera izango dute Euskal Herriko programatzaileen aurrean, Musika Bulegoren lankidetzarekin. Gaztelurrutiak argitu duen bezala, aurreko edizioetan 10-15 proiektu aurkeztu izan dira batez beste. Aurten, 9:00etatik 14:00ak arte hamar minutuko aurkezpenak egingo dituzte Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Azaldu dutenez, ezinbestekoa izango da proiektua euskarazkoa eta aurten kaleratutakoa izatea. Halaber, Azokan parte hartzen dutenak lehenetsiko dira. Izena emateko epea azaroaren 2an irekiko da sortzaile eta programatzaileentzat.

Hurrengo egunean, abenduaren 2an, formatu txikiko familia-ikusizun eta tailerren txanda izango da, Bizenta Mogel Bibliotekan. Arlo honetan lan egiten duten sortzaileek euren ikuskizun eta tailerrak aurkeztu ahal izango dituzte sektore honetako teknikarien aurrean. Aurreko eguneko ordutegi bera izango du eta izen emateko datak ere berberak izango dira.

Hirugarren egunean, Azokako on line denda martxan jarriko den egun berean, Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko, 11:00etan. Zehaztu dutenez, edozein literatura lan hartuko du bere gain zikloak eta ekoiztetxe batek literatura lan baten aldeko apustua egiteko kontuan hartzen dituen irizpideak aztertuko dira. Horrela, prozesu honetan guztian parte hartzen duten idazle, gidoilari, zine zuzendari eta ekoizleek parte hartuko dute. Mahaingurua amaitzerakoan, hizlari eta entzuleen arteko iritzi trukea egongo da. Ikusle modura parte hartzeko, izena eman beharko da azaroaren 2tik aurrera.

Azken egunean, abenduaren 4an, erakusmahaiak aurrez aurre Azokan izango diren lehenengo egun horretan, Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak solasaldia egongo da Landakon bertan, 13:30etanSortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak. Bertan, eragile eskubideez, komunikazioaz eta beste hainbat kontuez berba egingo dute zenbait adituk: EKKI Euskal Kulturgileen Elkarteko kideren batek, Amaia Ocerin komunikazio aholkulariak eta Miriam Miranda Euskal Herriko Musikarien Elkarteko kideak. Beñat Gaztelurrutiaren arabera, besteak beste, egile eskubideen inguruan zein sortzaileen kontratazioen nondik norakoen inguruan arituko dira.