Kalitatezko egitarau zabala eskainiko du hasi berri den eta sei egunez luzatuko den Seriesland Bilboko Websailen jaialdiak. Bere zazpigarren edizio honetan, hainbat ekitaldi antolatuko dira, hala nola hitzaldiak, mahai inguruak, gala, jendaurreko hizketaldiak... eta abar. Jaialdia Bilborock aretoan ospatuko da, eta streaming bidez ikusi ahal izango dira lehiaketako websailen 40 orduak.

Lehiaketako 120 websailetan, nabarmentzekoak dira herrialde hauetako ekoizpenak: AEB, Kanada, Errusia, Australia, Alemania eta Erresuma Batua, baina era berean, Europako beste leku batzuetako lanak ere ikusi ahalko dira, baita Hego Ameriketakoak eta Ekialde Urrunekoak ere. Berebat oso ezohikoak diren herrialdeetako lanak ere, hala nola Kazakhstan, Israel, Singapur, Vietnam eta Polinesia Frantsesa.

Ohi bezala, Serieslandek arreta berezia jarriko du bertako websailetan. Ez da faltako Basqueguna, programan urterokoa den ekitaldia, herrialdeko ikus-entzunezkoen industriari emana. Egun horren xedea izaten da etxeak eta eduki sortzaileak elkartzea, hau da, profesionalak, enpresak eta asmamena bateratzea.

Serieslanden programan datozen jendaurreko jarduera guztietara doan sar daiteke, aurretik webgunez (Eventbritez) erreserba eginda, ez dadin jende pilaketarik izan eta segurtasuna errazteko. 4.000 leku inguru daude hiru aretoak hartuta.

Dena dela, Serieslanden eragina ez da publiko aurreko presentzia fisikoan gelditzen, hori baino askoz gehiago da eta. Iaz, lehiaketako websailen 120.000 ikustaldi lortu zituen jaialdiak, eta bere jardueretan zuzeneko 3.000 jarraipen erregistratu zituen sakelakoaren nahiz ordenagailuaren bitartez; horrekin batera, milioi erdi inguru ikustaldi izan zituen webgunean eta sare sozialetan.

Serieslandek honako erakunde hauen laguntza eta babesa jaso du: Beaz foru sozietatea, Bilbao Ekintza udal sozietatea, Zineuskadi, Kultur eta Kirol Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, EIKEN Klusterra, Laboral Kutxa, AC/E eta Ikey Group Comunicación etxea.