Hamar herritan izango da asteburu honetan 'Vital Araban zehar' programaren beste jardunaldi bat. Vital Fundazioaren ekimen horrek Okondo, Burgeta, Dulantzi, Zalduondo, Burgelu, Lantziego, Leza, Maeztu, Ondategi eta Eltziegora eramango du antzerkiz eta musikaz beteriko bere kultura eskaintza.

Eguraldi onaren etorrerarekin, jarduerak ugaritu egingo dira eta bihar, ostirala, aukeran izango dira 'JKV' taldearen musika, 20:00etan, Okondoko udal karpan, 'La Pulga y Compañia' ordu berean, Burgetako plazan, edo 'Sonia Vera Swing' taldearen emanaldia, 21:00etan, Dulantziko plazan.

Larunbata 'Vital Araban zehar' ekimenaren edizio honetako egun emankorrenetako bat izango da, sei emanaldi eskainiko dira-eta. 'La Crisis' taldeak musikaz beteko du Zalduondoko pilotalekua 19:00etatik aurrera; ordu berean, Burgeluko Landerra kiroldegiaren kanpoaldean, 'Sin varita y con sombrero' magia ikuskizuna hasiko da. Publiko guztientzako lan bat da, Dominique Legrand mago frantziarra eta Chon dinastiako bere laguntzaile txinatarra protagonista dituena. Bien eskutik mendebaldeko eta ekialdeko magia proposamen original batean uztartzen dira.

Eguneko azken emanaldia 20:00etan hasiko da Lezako kirol pistan, 'La Movida' taldearen eskutik eta Maeztuko igerilekuetan 'Sarrabete' taldearen folkaren eskutik. Aipatutako azken ikuskizun horrek emango dio amaiera larunbatari, Pablo Bueno eta Gorka Bravo Barreiro musikariek pandemian sortutako proiektua da, euskal folkaren egungo panoraman presentzia txikia duen euskal folkloreko instrumentu bat berreskuratzeko: zarrabetea. Leire Etxezarretak bere ahotsa eta perkusioan duen maisutasuna ekartzen dizkio taldeari.

Igande goizerako gorde dute 'El Callejón del Cachán' taldearen emanaldia. 13:30ean Gopegiko Artzegi jatetxean Ana Sosoaga abeslariak, Pedro Gonzalez de Viñaspre teklatuak eta Iñigo Lopez biolinistak osatutako hirukote gasteiztarra arituko da. Ironiaz, kritikaz eta kronika sozialez beteriko letren aldeko apustua, eta kantina eta kabaret, errezitaldi intimista, blues eta gau kutsuko aromak zabaltzen dituen musika, hori guztia ikuslearengandik hurbil dagoen koktel-ontzi eklektiko batean astinduta.

Arratsaldean, Anartic Rock Band taldearen rock bertsioak eta 70eko hamarkadatik gaur arteko rockaren arrakasta handienetatik errepasoa egingo dute Eltziegoko Plaza Nagusian, 20:00etatik aurrera.

Maiatza eta iraila bitartean 60 herritara iritsiko diren 93 kultura jarduera programatu ditu 'Vital Araban zehar' programaren XVII. edizio honek. Guztira, Arabako sei kuadrillatako 48 udalerrik (Vitoria-Gasteiz izan ezik) eta Trebiñuko Konderriko bi herrik hartuko dute parte ekimenean. Hemendik irailera arte, Vital Fundazioaren ekimen horrek musika emanaldiak, abesbatzak, ballet erakustaldiak eta antzerki emanaldiak eramango ditu 60 herritara (58 Araban eta beste bi Trebiñuko Konderrian).

Denboraldi berri honetarako aurreikusitako programazioak diziplina anitz eskainiko ditu, hala nola musika emanaldiak, abesbatzak eta antzerkia eskainiko ditu. Musika-taldeen 50 kontzertuz, 39 antzezlanez eta 4 abesbatza-emanaldiz gozatzeko aukera izango da, lurraldeko udalek erakutsitako askotariko lehentasunei erantzuteko helburuari jarraiki.