Datorren asteartean, ekainak 15, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko areto nagusiak 'Eztabaidak literaturarekin' izeneko zikloaren barruan antolatutako hitzordu berri bat jasoko du. Bertan, Anjel Lertxundik eta Miren Agur Meabek hartuko dute parte.

Narratiba eta poesia lerro ukitzaile edo paraleloak ez diren kontua, jende guztiak dena sailkatzeko duen beharra edo generoak hibridatzeko literaturak eskaintzen dituen milaka aukerak landuko dira datorren asteartean Bidebarrieta Kulturgunean.

Anjel Lertxundi euskal idazle emankorrenetako bat da. Literaturaren alor guztietan lan egin du: eleberria, ipuinak, saiakera, haur eta gazte literatura eta komunikabide ugarik argitaratu dituzte bere artikuluak. Zinemaren munduan ere lan egin du.

Miren Agur Meabe idazle nekaezina da. Literatura-sorkuntza, itzulpena eta idazketarekin lotutako jarduerak ditu ardatz. Idazle gisa, bi esparrutan ezaguna da: poesia eta haur eta gazte literatura. Beste genero batzuk ere landu ditu, hala nola ipuina eta eleberria.

Idazleekin batera, Udane Goikoetxea izango da topaketaren moderatzailea. Udane Goikoetxeak 15 urteko ibilbidea du kazetari gisa, eta Bizkaia Irratian (2001-2015) eta Hamaika Telebistan lan egin du. Gainera, EITBn kolaboratzaile izan da eta gaur egun EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da.

Bidebarrieta Kulturgunea kulturari eskainitako gunea da, Bidebarrietako liburutegiaren barruan. Kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea du helburu.

SEGURTASUN NEURRIAK

Aurkezpen honetara joateko ezinbestekoa da Bidebarrieta Kulturgunearen webgunean eskuragarri dauden doako gonbidapenetako bat erreserbatzea.

Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratutakoak beren aulkietan egokitzeko. Ezin bada parte hartu, hitzordua streaming bidez jarraitu ahal izango da webgunean.

Une bakoitzean indarra duten babes eta higiene neurriak zorrotz beteko dira. Era berean, ekitaldia egiten den bitartean maskara erabili beharko da.

Udaberrian hiria aisialdi- eta kultura-planez betetzen duen #BilbaoUdaberria2021 udal-ekimenaren programazioaren parte da hitzordu hau.