DONOSTIA. Arrakasta handia izan du aurten ospatu den Koldo Mitxelena literatura lehiaketak. Guztira 1.481 lan aurkeztu dira, eta horietatik 24 izan dira sarituak. Donostiako Udalak aste honetan emango ditu ezagutzera. Horrez gain, 53 lanek jaso dute epaimahaiaren aipamen berezia.

1.481 LAN AURKEZTU DIRA AURTENGO EDIZIOAN

Koldo Mitxelena Literatur Lehiaketaren 32. edizioan 24 lan saritu dira eta 53 lanek jaso dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso, 1.481 lan aurkeztu baitira aurten; 2020an baino 237 lan gehiago, eta duela bi urte baino 400 lan gehiago.

Lehiaketak berrikuntza bat izan du aurten, webkomikiak aurkezteko atala sortu baita 14-18 urte bitartekoentzat.

32. edizioan saritutako lanak (6 komiki, webkomiki 1, 2 olerki, 6 ipuin, 5 bertso eta 4 mikroipuin) liburuxka birtual batean bildu dira. Bertan, epaimahaiaren (Iñaki Martinarena “Mattin” komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak) aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da; 53 lan, hain zuzen ere.

Aurtengo edizioan, bestalde, 25 ikastetxetako ikasleek parte hartu dute.

EKITALDIA

Covid-19a dela eta, saridunak baino ez dira izango, edukiera mugatua da eta. Hala ere, saridunen senide, lagun eta publiko zabalak streaming bidez jarraitu ahal izango du ekitaldia Donostiako Euskara Zerbitzuko kanalean edo webgunean.

Urtero bezala, saridunak izango dira protagonista nagusiak. Dorleta Urretabizkaiak aurkezpen lanak egingo ditu; Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak musika dotorez apainduko dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izango dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko. Eneko Goia alkatea ere bertan izango da aurtengo saridunak eta aipatuak zoriontzeko.