Urteen poderioz bere hizkuntza propioa eraiki duten maitaleentzat hitzak sekulako jaurtigai bihur daitezke. Itxuraz desarmatuta agertu arren, bikote baten gorpu-tzez gorputzeko borrokaren testigantza jasoko du ikusleak Maitasunaren itxiera antzezlanean.

Pascal Rambert egile eta eszena-zuzendari frantziarraren Clôture de l'amour haustura lazgarri horren protagonista. Arriaga Antzokian taularatuko dute gaur honako ekoizpen propioa, larunbatera arte egunero emanaldi bana eskainiz. Aktore euskaldunek ikasten jarrai-tzeko berebiziko erronka izan dela aitortu dute egunotan aurrera eramandako entseguetan.

"Miren eta Eneko bikotea izan dira. Miren aktorea da eta Eneko antzerki zuzendaria. Entsegu gelan batu dira haien arteko harremanari amaiera emateko", azaltzen du Eneko Sagardoyk pasioz eta gordintasunez beteta dagoen antzezpenaren abiapuntua deskribatzeko. Argudioak, kexak, gaitsezpenak, mina, amorrua eta maitasuna gurutzatuko dira boxeo ring bat bilakatuko den oholtza gainean. "Ikusleak bi gorputz ikusiko ditu, bata bestearen kontra, hitza baino ez erabiltzen. Ikusiko ditu, baita ere, urte guzti hauetan eraiki dituzten lorpenak, bata bestearengandik miretsi eta gorrotatu izan dutena", kontatzen du.

Miren Gaztañagak eta Eneko Sagardoyk elkarrekin ikusi zuten Arriaga Antzokian Teatro Kamikaze taldearen La clausura del amor gaztelaniazko bertsioa, Barbara Lennie eta Israel Elejalderen antzezpenekin. Liluratuta gelditu ziren. "Hizketaldi informal baten Mirenek lana euskaraz antzezteko proposamena bota zion Arriagako programatzaileari eta hark segituan esan zuen baietz. Jarraian eskubideak lortzeko lanari ekin genion", dio Handia pelikularekin Goya saria irabazi zuen antzezleak.

Egokitzapena

Baimenak jaso ondoren, Danele Sarriugarterekin batera egin zuen testuaren itzulpena Sagardoyk. Bere esanetan, "testuak ez du puntuaziorik, ez komarik ez punturik. Bazirudien zaila izango zela itzultzeko, baina behin erritmoa zein den ulertzen duzunean, errepikapenen zentzua, nondik idazten duen... erraza eta gozagarria izan da. Botaka bezala idazten du, modu oso partikularrean". Bertsio bakoitzak bere berezitasunak dituela gaineratzen du, nahiz eta planteamendua berdin-berdina izan. "Izugarrizko lan fina egin dute itzulpenean eta testu horri heldu diogu hasieratik amaierara", dio, bere aldetik, Miren Gaztañagak.

Azken egunotan burubelarri aritu dira entseguetan Pascal Rambertekin batera, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez komunikatuz elkarrekin. "Oso ondo ulertzen gara", dio Sagardoyk atzerrian lan egiten ohituta dagoen zuzendariari erreferentzia eginez. "Gogo ikaragarriarekin etorri da", gaineratzen du. Obra hamar egunetan muntatu du baina aktore euskaldunek hilabete asko daramatzate testua ikasten. "Guretzat ohore handia izan da an-tzerkia ikusteko duen modura hurbiltzea. Gainera ez ditu Maitasunaren itxiera antzezlanaren bertsio guztiak zuzentzen. Urtean behin bakarrik egiten du eta gurekin izan da aurten, euskaraz egitea erabaki baitu", jakinarazi du.

Gaztañagaren hitzetan, Rambertek haustura pertsonal batean murgilduta zegoela idatzi zuen testua. "Egia batetik abiatzen da, badauka haragitik asko. Maitasun izugarria duen bikote bat da eta era berean erabateko suntsipenean daude, mina eta maitasuna une oro daude nahastuta. Harremanaren eraikun-tza eta deseraikuntza ikus daiteke", azaltzen du Miren Gaztañagak.

Bere aburuz, taula gainean gertatzen den horretaz gain, hitzen bitartez bikotearen ibilbide guztiaren imajinarioa islatzen da. Hitzek, hain zuzen ere, aparteko garrantzia dute. "Pascalek esaten duenez, bikote harreman batean hizkuntza komun bat eraikitzen da: elkarrekin eraikitako kontzeptuak, partekatutako filosofiak, hausnarketak... Eta harremana amaitzen denean hitza bera bestea erailtzeko arma bihurtzen da", eransten du.

Maitasunaren itxiera exijentzia handiko erronka izaten ari dela diote aktore euskaldunekMaitasunaren itxiera . "Enekok eta biok oso autodidakta bidea daramagu gure ofizioetan. Askotan sortzen zaizkigu edo sortzen ditugu aukerak aktore bezala ikasten jarrai-tzeko. Zentzu horretan, lan hau master bat izaten ari da, proiektuak berak eskatzen duen entrega, kon-tzentrazio eta zehaztasun horregatik", azaltzen du Miren Gaztañagak, Pascal Rambertekin oso gustora daudela adierazi baino lehen. "Alde ludikoa duen zuzendari bat da, errespetu handikoa, alaitasun handikoa eta aldi berean izugarri eska-tzen dizuna", gaineratzen du. Izan ere, premisa batetik abiatzeko argibidea eman die: "Jarraitu ateak zabaltzen eta zuen buruak harri-tzen". Horrela, erosotasunetik irteteko ariketan murgildu dira. "Gure baitan desorekak edo derrapatzeak bilatzen ari gara, hitz-jario horretan, gorputzen eztanda eta hitzen errepikapenean. Oso performatiboa da", argitzen du aktore irundarrak.

Hiru emanaldi

Arriaga Antzokian hiru emanaldi eskainiko dituzte; gaur, bihar eta etzi. Ondoren, Durangon izango dira maiatzaren 9an, eta, 15ean, berriz, Hondarribian. "Gero geldialdi bat egingo dugu eta udazkenean berriro ekingo diogu, urrian, azaroan eta abenduan", dio Sagardoyk. Osasun krisia dela medio ezarritako murrizketengatik, Bilbo itxita egongo da, eta, beraz, hiriko publikoak baino ezingo du Maitasunaren itxiera ikusi aste honetan. "Pena bat da, etorriko liratekeen asko ezingo direlako gerturatu. Baina lanean gaude, emanaldiak izango ditugu eta beste herri batzuetan ikusteko aukera egongo da", dio Sagardoyk.

Izan ere, pandemiak eragindako egoera kontuan izanik, esker ona baino ez dute erakusten bi aktoreek esku artean dituzten proiektuengatik. Datorren astean Eneko Sagardoyk Mía y Moi pelikula estreinatuko du Bartzelonan, eta, estreina-tzeke dauka oraindik Contando ovejas filma. Gainera, udazkenean beste lan bat grabatu behar du Euskal Herrian. Miren Gaztañagaren kasuan, duela aste batzuk beste antzezlan bat estreinatu zuen Arriaga Antzokian bertan: Faces, John Cassavetes estatubatuarrak 1968an zuzendutako pelikularen antzerki egokitzapena. Estreinaldiaren ondoren, udazkenean ekingo diote azken honen birari. "Beste zerbait ere atera daiteke udara aldera ikus-entzunezkoetan, baina ez naiz aurreratuko oraindik", bukatzen du.

"Master bat izaten ari da, proiektuak eskatzen duen kontzentrazio eta zehaztasun horregatik"

Antzezlea

"Ikusleak bi gorputz ikusiko ditu, bata bestearen kontra, hitza baino ez erabiltzen"

Antzezlea