DONOSTIA. Datorren ostiralean, apirilak 23, hasiera emango zaio Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioari. Yalda, la noche del perdón (2019) filma izango da jaialdian eskainiko den lehenengo lana.

Petit pays (2020) filmak, Éric Barbierrek zuzenduak, emango dio zinemaldiari azkena apirilaren 30ean, Victoria Eugenia Antzokian ere. Bertan ospatuko den galan zinemaldiaren sari berezia jasoko dute Montxo Armendariz zuzendariak eta Puy Oria ekoizleak.

Aurten, Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian izango dira filmen emanaldiak, eta bi saio berezi egingo dira Tabakaleran eta Kresala Zineklubean (Trueba Zinemak).

Gainera, 5 erakusketa eskaintzen dira zinemaldiaren programazioan.

Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jasotzen du Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, baita hainbat GKEren eta entitateren laguntza ere -Euskadiko GGKen Koordinakundea, CEAR, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara, besteak beste-.

Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioa da oraingoa. Aurten, 19 nazionalitatetako 36 film (22 film luze eta 14 labur) proiektatuko dira guztira, eta 5 erakusketa programatu dira.

JARDUERA PARALELOAK

Zinemaldiaren barruan Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen 3. Azoka ere izango dugu, Eskura - Aieteko Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen Zentroak antolatua. Bestalde, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, zinemaldiarekin lankidetzan, BegiraTÚ prestatu du, giza eskubideei buruzko online joko bat.

Programazio hau solasaldiekin osatuko da eta haietan parte hartuko dute filmen protagonistek, zinemagileek eta hizpide diren gai sozialetan adituek.

Aurten, ikastetxeetarako proiekzioak ikasgeletan egingo dira. Hiru film ikusi ahal izango dira online.

Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.

Sarrerak (4,50 €) astelehenean, apirilak 19, jarriko dira salgai 11:30etik aurrera, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, eta Internet bidez.

Doako emanaldietarako gonbidapenak egun berean, apirilak 19, jarriko dira publikoaren eskueran bi antzokietako leihatiletan.