BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateak 50 urte beteko ditu aurten, eta dagoeneko ospakizunak hasi ditu. Hala, Bizkaia Aretoak Fakultateak berak antolatutako eta diseinu grafikoaren arloan lan egiten duten 50 ikasle ohiek egindako '50 urte, 50 diseinatzaile' izeneko erakusketa jasoko du apirilaren 26ra arte.

Erakutsitako 50 proiektuek agerian jartzen dute diseinu grafikoko profesionalen lana, bai eta UPV/EHUn diseinu grafikoko prestakuntzak duen tradizio luzea ere. Era berean, etorkizuneko diseinatzaileei diseinu grafikoaren egoeraren errealitate bat erakutsi nahi zaie panorama profesionalaren barruan, egun irekitzen den sorkuntzaren jarduera-eremu zabala adieraziz, besteak beste, eremu hauetan: identitate bisual korporatiboa, grafismo editoriala, tipografia, grafismo publizitarioa, ontzia/enbalajea, kartelak, seinaletika, webgunea, multimedia bitartekoak, ingurumen-grafikoa, irakaskuntza, ikerketa...

"Diseinu grafikoko unibertsitate-hezkuntza funtsezko faktorea da, zalantzarik gabe, gure gizartearen aurrerapen sozial, ekonomiko eta kulturalean laguntzeko. Gure unibertsitate publikoak humanismo sakonarekin planteatzen du diseinu grafikoko hezkuntza, artea abiapuntu hartuta eta gure gizarteari harreman-espazioen bistaratze eskaintzeko erantzukizunez, berrikuntza gure ingurunearen bizi-balio dinamizatzaile gisa jorratuz", azaldu dute Eduardo Herrera eta Leire Fernandezek, Arte Ederren Fakultateko Diseinuko irakasleek eta erakusketaren komisarioak. Erakusketako panelek aukera ematen dute diseinatzaile hauen beharraren eta fakultateak egindako lanaren garrantzia hautemateko eta aurrera begiratzeko.