BILBO. Izaro kantautoreak txundituta utzi zituen atzo, martxoak 21, Bidebarrieta Kulturguneko Areto Nagusira hurbildu ziren ikusle guztiak. Euskal artistak kontzerturako plaza guztiak bete zituen BilbaoPoesía jaialdiaren barruan antolatutako ekitaldian. Gainera, Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko aukera bikaina izan zuen.

Hitzordu honetarako, Izaro hobekien ezagutzen dutenaz inguratu zen berriro: bere taldea. Hala, Bidebarrietako tauletara igo zen, Iker Laurobak gitarra jotzen zuela, eta Garazi Esnaolak bateriara, haiekin batera "Limones en verano" diskoa partekatzeko.

Izarok autogestiotik eta autoediziotik eraiki eta joan den 2020an kaleratu zuen diskoa, Estatuan gehien saldu diren diskoen zerrendan bigarrena izan da, eta, besteak beste, Abesti Onenaren Saria ("Libre" abestiagatik) eta Bideoklip Onenaren Saria ("Invierno a la vista" abestiagatik) jaso zituen Gaztea Sarien aurreko edizioan.

Horiek bezalako kantak entzun ziren atzo BilbaoPoesíako kontzertuan, barrutiaren berezitasunari eta edukiera mugatuari esker, bereziki intimoa izan zena. Gainera, segurtasun neurriak zorrotz bete dira.

'GATOS, PATOS Y OTROS POEMATOS' ERREZITALDIA

Marta Sanzek eta Bernardo Atxagak gauza asko partekatzen dituzte: ibilbide luzea, kritikaren eta publikoaren babesa, eta inongo literatura-generori beldurrik ez dion luma.

Baina, gainera, atzo, Bidebarrietako Ekitaldi Aretoan, han zeudenekin beste gauza bat partekatu zuten: zer garrantzitsua den natura bientzat eta beren obrentzat. Hala, BilbaoPoesía jaialdiari esker, autoreek gai honi buruz hitz egin zuten Udane Goikoetxea kazetariak aurkeztutako hitzorduan. Bertan, Jou Gonzálezek ere parte hartu zuen. Doctor Deseoren saxofoi-jotzaileak eta klarinete-jotzaileak musika-nota jarri zion "Gatos, Patos y otros Poematos" izeneko ekitaldi berezi honi, bere haize-instrumentuekin.

Aste honetan, BilbaoPoesía Literatur Jaialdiak poesiaren euskal hiriburu bihurtu du Bilbo, egunero Bidebarrietako Liburutegiko Aretoaren edukiera bete duten errezitaldi eta kontzertuekin, indarrean dauden osasun- eta higiene-protokoloak betez. BilbaoPoesía, Bilboko Udalak duela hogei urte baino gehiagotik antolatzen duen jaialdia, martxoaren 24ra arte luzatuko da.