BILBO. Astearte honetan, urtarrilak 26, arratsaldeko 19:00etan, Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko areto nagusiak César Renduelesen 'Contra la igualdad de oportunidades: Un panfleto igualitarista' izeneko liburu berriaren aurkezpena jasoko du. Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik gonbidapena erreserbatu beharko da esteka honetan. Ekitaldian Imanol Zuberok hartuko du parte, egilearekin batera.

Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratutakoak beren aulkietan egokitzeko. Bertaratzerik ez badago, streaming bidez ere jarraitu ahal izango da webgune honetan.

Era berean, unean-unean indarrean dauden babes- eta higiene-neurriak zorrotz bete beharko dira, eta nahitaezkoa izango da maskara uneoro erabiltzea.

César Renduelesek berdintasunezko programa garaikidea proposatzen du liburu honetan, proposamen zehatzekin, eta, aldi berean, berdintasunaren bilakaera aztertzen du hainbat gizarte-testuingurutan, genero-berdintasunetik hasi eta kulturaren, lanaren, familia-harremanen edo hezkuntzaren esparruraino. Desparekotasunak demokrazia bahitu du, eta, askatasuna aldarrikatu beharreko balioa bihurtu den bitartean, berdintasun materialak alderdien programetatik kanpo jarraitzen du, "aukera-berdintasuna" deiturikoa izan ezik, elitismo mota bat baita, gehien dutenei mesede egiten diena. Baina badira arrazoi etikoak, ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak gizarte orekatuago bat lortzeko. Mundu guztiari gauza bera emango ez diona, baizik eta bakoitzari behar duena.

Rendueles (Girona, 1975) Gijonen hazi zen, baina duela ia hogei urtetik bizi da Madrilen. Filosofian doktore da eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politiko eta Soziologia Fakultateko teoria soziologikoaren departamentuan lan egiten du irakasle gisa. Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasle ere izan da, eta hizlari gonbidatua Espainiako eta Latinoamerikako zenbait unibertsitatetan. Ladinamo kultur esku-hartze kolektiboaren kide sortzailea izan zen, eta izen bereko aldizkaria argitaratzen zuen. Karl Marxen bi obra bilduma argitaratu ditu: 'El capital'-ren antologia bat eta materialismo historikoaren teoriari buruzko testu sorta bat. Walter Benjamin, Karl Polanyi, Jeremy Bentham eta beste autore batzuen saiakera klasikoen edizioaz ere arduratu da. Bere blogean Espejismos Digitales idatzi ohi ditu.