BILBO. Kalean da dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidean doktore den Pablo García Varelak idatzitako 'ETA y la conspiración de la droga' izeneko liburua.

'El mundo de las drogas en el País Vasco y su relación con el Movimiento de Liberación Nacional Vasco (MLNV): ETA-m contra la "mafia de la droga" (1980-2000)' tesia egin zuen Pablo García Varelak Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidearen Sailean. Helburua hauxe izan zen: ETA eta drogen munduaren arteko harremanaren alderdi garrantzitsu guztiak aztertzea. "Drogaren aurkako gurutzada funtsezkoa izan zen estrategia armatuan, nazioa eraikitzeko eta kontrabotere-egiturak sendotzeko ", azaldu du egileak. Salaketa horren pean, ETAk 40 pertsona baino gehiago hil zituen eta kasu askotan akusazio faltsua zela frogatu zen.

Tesiaren arabera, hainbat arrazoik bultzatu zuten ETA erasoaldi terroristari ekitera. Lehena, Euskal Autonomia Erkidegoan toki-mailako kontrabotere-egiturak sortzea, hau da, kontrol- eta botere-espazio nazionalistak, MLNVren (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua, gaztelaniazko siglen arabera) inguruneak menderatuak, Estatuaren aurkako moduan. Bigarrena euskal gazteriaren aitzindari gisa aurkeztea izan zen, heroinaren fenomenoak eragindako familien artean babes sozial eta militarrerako bide berri bat irekitzeko. Hirugarrena, estatuaren eta erkidegora bidalitako segurtasun indarren irudia are gehiago okertzea; izan ere, heroinaren sarreraren atzean egotea leporatzen zien, gazte errebeldeenak desmobilizatzeko eta polizia gehiago egotea justifikatzeko, herritarren segurtasun ezari aurre egiteko.

"Frankismoan ainguratutako eta autodeterminazioari emandako erantzun bakarra indarkeria zuen Gobernu zentral baten irudi hori sendotu nahi zuten - dio García Varelak -. Gainera, eta ez garrantzi gutxiagokoa, mezu argia bidali nahi zieten militanteei eta jarraitzaileei MLNVk heroinaren inguruan izan behar zuen jarrerari buruz: erabateko gaitzespena, batez ere talde armatuko kideen artean, heroinomano bat arrisku bat baitzen, komandoaren segurtasunean eragina zuelako, eta baita, menpekotasunagatik, dirua galtzeko arriskua zegoelako ere ".

KANPAINAREN GARAPENA

"Drogaren mafiaren" aurkako MLNVren kanpaina 1980an hasi zen, 'Herri Batasunak euskal herriari egindako salaketa' 1980ko apirilaren 17an Egin egunkarian argitaratu zenean. Dokumentuan azaltzen diren argudioak izango dira atentatuen etorkizuneko komunikatuak eraikitzeko oinarria. Apirilaren 27an, ETAk ofizialki ekin zion "drogaren mafiaren" aurkako gerrari, Donostiako El Huerto pubaren leherketarekin. Atentatu hori astebete geroago errebindikatu zuten, HBk defendatutako ideia berberekin, baina hizkera kritikoago eta mehatxagarriagoan. Lehen atentatu hartatik 1994an Jose Antonio Diaz Losada hil zuten arte, erakunde terroristak 43 pertsona hil zituen. Komunikatu guztietan drogaren "aitzakia" erabili zuten: biktima Estatuko segurtasun indarrentzat lan egiten zuen isil-mandatari eta droga-trafikatzaile bat zen.

"Biktimek heroinarekin zuten ustezko harremanak arazo bihurtu ziren alderdi politikoentzat, eta ez zuten biktimei eta haien familiei zor zitzaien errespetua erakusten jakin, eta, agintarien ekimen faltaren aurrean, euskal gizarteak bazter utzi zituen", nabarmendu du ikertzaileak. Instituzioen tratu txar horren beste ondorio zuzen bat izan zen ikerketa-lan honetan aztertutako atentatuen erdia inguru ekintzaren egileen zigor judizialik gabe geratu dela. Kolektibo horri buruzko memoria politikari dagokionez, "oso arreta gutxi" jaso dutela ondoriozta daiteke, eta azken hamar urteok arte ez da urratsik egin eragindako kaltea konpontzeko.