Bost euskal emakumeren poemak musikara egokituta

07.11.2020 | 00:48
Tere Irastortza, Antton Valverde, Mari Jose Telleria eta Angel Lertxundi 'Hitzak Hots' liburu eta DVDaren aurkezpenean, atzo, Donostian.

Zortzi testu musikatu ditu Antton Valverdek pamiela argitaletxearen 'Hitzak hots' dvd eta libururako

zergatik musikatu da emakumezkoen hain testu gutxi euskal kantagintzan? Galdera hori egin zioten elkarri duela bi urte Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak. Euskal kantagintzan "oso presentzia urria" izan dute emakumeek eta hori iraultzeko asmoz, "ia-ia amets baten modura", Hitzak hots liburua eta DVDa osatu zituzten bost euskal emakumeren poemak musikatuta.

"Nik hainbat emakume poeta hautatu eta haien liburu batzuk pasa nizkion Anttoni. Jarraian, berak liburuetatik poema batzuk aukeratu eta musikatu egin zituen", azaldu zuen atzo Anjel Lertxundik Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean.

Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantza Urretabizkaiaren poemekin zortzi kantu sortu zituen Valverdek, eta emanaldi batzuk eskaini zituen Lertxundirekin batera zenbait tokitan. "Ikusiz kontuak funtzionatzen zuela, Pamiela argitaletxearengana jo eta emanaldia DVDn grabatu genuen iazko abenduan Chillida Lekun", azaldu zuen Lertxundik. Lan horren emaitza da Pamielak kaleratu berri duen Hitzak hots DVDa, eta liburuaren fitxan lanaren nondik norakoak azaltzen dira idazle oriotarraren hitzetan.

Idazterakoan poema bakoitzak bere musika propioa eduki arren, beste osagai batzuk ere gehitu nahi izan zizkien Valverdek musikatzerako orduan. "Poemek erritmoa dute gehienbat, eta nire ustez melodia irakurleak jartzen dio. Beraz, Anjelek pasatako poemei bueltak eman eta eskuak pianoaren gainean jarrita burutu nuen lana. Halako batean, zortzi kantak eginda nituen", azaldu zuen Valverdek.

Zortzi doinutatik zazpi Valverdek berak sortutakoak dira, eta zortzigarrena ere berak egin arren, Jesus Guridiren doinu batetik abiatuta borobildu du Miren Agur Meaberen poemarentzako musika. Bestalde, Tere Irastortzaren bi poema dakartza DVDak. "Asko gustatu zi-tzaidan nire bi poema horiek aukeratu izana. Beste poema asko dauzkat gehiagotan irakurtzen ditudanak, baina bi horiek niretzat oso hunkigarriak ziren, eta esango nuke, nolabait gorputza lotzen ari garen garai honetan, oso esanguratsu bihurtzen direla", nabarmendu zuen Irastortzak aurkezpenan.

Bietako bat ama batentzako sehaska kanta da, eta bestea gure gorputzari emandako "estimazio" bat. "Ziur nago inteligentzia eta arrazoia pixka bat deskafeinatu, eta adimenari eman behar diogula garrantzia. Sentimenduetatik eta zentzumenetatik jasotzen duguna da adimena, eta, zentzu horretan, ukitzearen premia azpimarratu nahiko nuke: isolatu egiten gaituzte, baina pertsonok elkarren arrimoan bizi behar dugu", nabarmendu zuen.

Idazlearen ustez, "ederra" da antologia batean bost emakume batera topatzea. "Gainbegirada batean, bosten ordez, 50 egon zitezkeen, baina bost egokitu gara eta horien artean, nire kideen poesia gehiena gertutik jarraitu izan dut. Pozik nago gure poemekin egindako lanarekin", esan zuen.

Disko-liburu honek aspaldi behar zuen kalean, baina pandemia egoerak atzeratu egin du proiektuak argia ikusteko eguna. "Pandemia baten erdian gaude eta kultura katakonbatan bezala ari da egoera zail honetatik lepoa atera nahian. Baina katakonba horietan irakurketa, musika, antzerkia eta zinea, bereziki, bidelagun ditugu eta gure barne-korapiloak askatzen lagun-tzen digute", esan zuen Lertxundik amaitzeko.

'hitzak hots'

Liburua eta DVDa. Bost emakumeren poemak musikatu ditu Antton Valverde musikariak eta 'Hitzak hots' DVD-a eta liburua sortu dituzte Pamiela argitaletxearen laguntzarekin.

Emanaldia. DVDan agertzen den emanaldia Chillida Lekun grabatu zuten 2019ko abenduaren 18an. Liburuaren fitxan aldiz, lanaren nondik norakoak agertzen dira Anjel Lertxundiren hitzetan.

Prezioa. 'Hitzak hots' 15 euroren truke eskuratu daiteke liburu-dendetan.