BILBO. Galder Gaztelu-Urrutia zuzendaria izango da egun hauetan Bilbon ospatuko den FANT-Fantasiazko zinemaren jaialdian ematen den Fantrobia 2020 sariaren irabazlea. Jaialdia datorren ostegunera arte, hilak 12, iraungo du.

Hala, beraz, "El Hoyo" filmaren zuzendari saritu Galder Gaztelu-Urrutia eta Carlos Juárez ekoizlea Bilboko Udalean izan dira gaur goizean, Juan Mari Aburto alkatearekin, eta haiekin batera izan da baita ere kulturaren eta ekonomiaren garapenaren arloetako udal taldeen ordezkaritza bat. Elkarrekin bildu dira eta elkarrekin mintzatu, euskal zinemaz eta kultur sektorearen egungo egoeraz, besteak beste. Ondoren, Bilboko hedabideen aurrera agertu dira, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin eta Vanesa Fernández jaialdiaren zuzendariarekin batera.

Gaztelu-Urrutia hainbat urtean ibili da publizitate kanpainen zuzendari eta ekoizle moduan eta hainbat film laburren ekoizle moduan, hala nola "Psiconautas, los niños olvidados" (2015) eta "El ataúd de cristal" (2016). Gainera, film labur hauen zuzendari izan zen: "913" (2004), zeinari saria eman baitzitzaion ZINEBIn, eta "La casa del Lago" (2011).

Bizkaitar zuzendaria barra-barra ari da aipatua izaten hedabideetan, estreinakoz jardun delarik film luze baten zuzendari "El Hoyo" (2019) film arrakastatsuan, zeinak kritika distopiko bat egiten baitu; filmak ikusleen saria irabazi zuen Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiko Midnight Madness atalean. Horrez gain, Sitgesko 2019ko Jaialdian film onenaren saria, zuzendari berri onenaren saria, efektu berezi onenen saria eta ikusleen saria irabazi zituen, bai eta film gaztearen saria ere Abycine 2019 jaialdian (Albaceteko Zinema Independenteko 2019ko Jaialdia); bestalde, Kataluniako Zinema Akademiaren 2020ko Gaudi sarietan ikusizko efekturik onenen Gaudi 2020 saria irabazi zuen. 2020ko Goya Sarietarako izendatua izan zen, zuzendari berri onenaren kategorian, ekoizpen horrengatik, eta efektu berezi onenen 2020ko Goya saria irabazi zuen.

"El Hoyo" filmak arrakasta handia bildu du Netflix-en, eta plataformaren historian mundu osoan gehien ikusi izan diren 10 filmetako bat bihurtu da; ikuskatuak izan diren filmen artean gehien ikusi izan dena plataforma eskura dagoen herrialde guztietan, Indian izan ezik, han laugarren izan baita. Gainera, Espainiako film luzeen artean 2021eko Oscar sarietarako aldez aurretik hautatuak izan direnen arteko bat izan da, hain zuzen, nazioarteko film onenaren Oscar sarirako.