BILBO. Datorren larunbatean, azaroak 7, hasiera emango zaio FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren edizio berri bati. Jaialdia hurrengo ostegunera arte, hilak 12, luzatuko da. Lehenengo jardunaldian, larunbatean bertan, 'Psycho Goreman' filma eta 'Dar-Dar' film laburra proiektatu egingo dira.

Egoera sanitarioa dela eta, FANT jaialdiak online eskainiko du egitarauaren zati bat. FANTek badauka online plataforma bat erabilgarri, azaroaren 6ko 09:00etatik aurrera (barikua) hala nahi duenak jaialdiko egitaraua gozatu ahal dezan esteka honen bidez: www.fantbilbaoonline.eus.

Zinemetan ere jaialdia ahalik eta seguruen ospatu dadin, FANT jaialdiak mugatu egin du edukiera aretoetan, % 50era arte, eta ikusleei higiene eta segurtasun neurririk zorrotzenak eskainiko dizkie: hogeita hamar minutuko tarteak egingo dira saioen artean, areto bakoitza aireztatu eta desinfektatzeko. Gainera, maskarak nahitaez erabili beharko dira eta ikusleen artean segurtasun tartea bermatuko da, eta gel hidroalkoholikoa izango dute eskura.

Gainera, gonbidatuen, profesionalen, antolatzaileen eta ikusleen osasunerako arriskua ahalik eta txikiena izan dadin, FANT jaialdiak bertan behera utzi ditu Euskaditik kanpoko profesionalentzako gonbidapenak.

Egitarauan ere aldaketak egin dira. Jaialdia azaroaren 7an hasiko den arren, azaroaren 6an, barikuan, Azkuna Zentroko auditorioan, 10 film labur proiektatuko dira, 19:00etan: Euskal Herriko filmak dira, hemengo zinemagileen eginak, eta Epaimahaiaren euskal film Labur onenaren saria irabazteko lehiatuko dira. Saio hau aurreratu egin da azaroaren 6ra, barikura, eta, hala, indarrean diren ordutegi murriztapenei egokitu zaio. Murriztu egin da saioen kopurua, eta aurreratu egin da lehenengo saioaren ordua, 15:30era; hala, 21:15ean amaituko da, Bestalde, bertan behera utzi da amaierako gala, azaroaren 12rako ezarrita zegoena, eta baita ere Alhondigako Golem aretoetako 2.ean 20:45erako programatutako saioak.