Aurtengo Zinemaldian kritika eta publikoa banatzea lortu duen Urrezko Maskorra baino adierazgarriagoak -edo ikusteko errazagoak- diren zazpi film eskainiko dira Azkuna Zentroan aste honetan zehar. Urtero legez, jaialdiaren 68. edizioan parte hartu eta Estatuan ikusi gabeko gai, jatorri eta sari ezberdineko lagina duten produkzioak aukeratu dira Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroko ikus-entzunezko programaren barruan sartzeko. Zikloa atzo bertan hasi zen, Akelarre film euskaldunaren emanaldiarekin. Ikusi ez zutenek, hamaika aukera izango dituzte ostiraletik aurrera, orduan estreinatuko baita Pablo Agueroren filma zirkuitu komertzialean.

"Programazioa zentroarekin adostu dugu, elkarren artean ezberdinak diren zazpi film esanguratsu aukeratzen saiatu gara", adierazi zuen atzo, aurkezpenean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak. Horrela, zinema-jaialdiaren programazio-parrila handiaren lagin txiki bat hautatu da; Atal Ofizialean, New Directors, Perlak eta Zabaltegi sekzioetan aurkeztutako lan batzuk ikusgai jarriz. "Bedera-tzi urte dira ziklo hau antolatzen dugunetik, baina aurten ilusio berezia egiten digu. Kultura segurua dela frogatu duzue", aintzatetsi zion Fernando Perezek, Azkuna Zentroko zuzendariak, Rebordinosi.

Ikusleek Donostian erakutsitako harrera eta jarrera onak udazken honetan Bilbon ospatuko diren zinema-jaialdietan errepikatzea espero da. Gonzalo Olabarriak, Kultura zinegotziak gogoratu zuenez, hiribilduak eskaintzen dituen zinema arloko proposamenak ugariak dira. Zinebi eta Fant jaialdiez gain, Zinegoak, Zinemakumeak gara, Zinexit edota Mendifilm festival ere ospatzen dira. Zinemaldiko zikloa, hortaz, testuinguru horretan kokatzen da. Filmak ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude Golem-en webgunean eta zentroko zinemako txarteldegian, 4,5 euroren truke, 3,5 euro AZ txartelarekin. Igandera arte egongo dira ikusgai, baina horietako batzuk, zirkuito komertzialean estreinatu ondoren ere ikusi ahalko dira, Akelarre kasu.

Atzo estreinatu zuen zikloa, hain zuzen ere, Pablo Aguero argentinarrak zuzendutako euskal filmak. "Banaketa aldetik indar handia lortu du Euskadin, 35 zinemetan estreinatuko da", iragarri zuen atzo Koldo Zuazok, Iker Ganuzarekin batera, XVII mendeko sorginen istorioa kontatzen duen film luzearen produktoreak. "Euskal zinemagintzaren aurtengo pelikularik garrantzitsuena da", iritzi zuen, bere aldetik, Rebordinosek. Bere esanetan, erdiespen handia da hein handi batean euskaraz filmatutako pelikula bat Sekzio Ofizialean aurkeztu izana. Lorpena da, era berean, hainbat herrialde tartean sartu izana, Argentina eta Fran-tzia artean osatutako koprodukzioa baita. "Gainera, tokiko talentua ere azaleratu ahal izan da: bertoko 1.000 gazteren artean bilatu genituen sei protagonistak", azaldu zuen Zuazuk.

Ez da ikusgai egongo den film euskaldun bakarra. David Perezen Ane pelikulak itxiko du zikloa igandean. New Directors sailean aurkeztu den zintak Euskal Zinemaren Izar Saria lortu du. Ama baten eta bere alabaren arteko hurbiltze eta elkar ulertze istorioa kontatzen du. "Dohain handia duten aktoreak ditu", azpimarratu zuen Rebordinosek.

Gaur François Ozon zuzendariaren Été 85 pelikularen txanda izango da. "Ozonek hainbat aldiz parte hartu du Zinemaldian, baina hau bere film onenen artean dagoela esango nuke", iritzi zuen Zinemaldiko zuzendariak. Frantziako kritikak ere hala uste du. Bestetik, Sundance jaialdian estreinatu eta Donostiako Hiria Publikoaren Saria jaso ostean, Maite Alberdiren El agente topo eskainiko da bihar Azkuna Zentroan. "Bere sekzioko film europar hoberena izan da", argitu zuen.

Larunbatean, berriz, Las mil y una aurkeztuko da. "Proiektuak azalera-tzen zuen freskotasuna eta egia islatu du filmak", esan zuen Rebordinosek. Clarisa Navas zuzendariak atzo adierazi zuenez, "Argentinako iparraldean egindako pelikula bat da, nire auzoan filmatu nuen, non gainbeheran dauden behe mailako etxebizi-tzak dauden. Zapaltzailea den sistemarekiko disidenteak diren bi nesken arteko amodioa kontatzen du".

'Akelarre'

XVII. mendeko Euskal Herriko sorgin istorio bat da, ikuspuntu feminista batetik begiratuta. Pablo Aguero da koprodukzioaren zuzendaria.

'Été 85'

François Ozon lehiaketara itzuli da amaiera tragikoa duen film batekin. Frantziako kritikaren arabera, bere film onenetako bat da.

'El agente topo'

Sundance jaialdian lortutako arrakastaren ondoren, Txileko zaharren egoitza batean girotutako istorio samur honek Donostia Hiria Publikoaren saria lortu du.

'Herself'

Phyllida Lloydek zuzendua, ama gazte baten istorio latza da. Senar abusatzaileari ihes egin eta etxe bizitza sozialen sistema ustel eta ezgauzari aurre egin behar dio.

'Rizi/Days'

Tsai Ming-Liang zuzendariaren proposamenak bakardade istorio bat kontatzen du. Elkarrizketarik gabe kontatua, ahalmen bisual handia du.

'Las mil y una'

2018an Zinemaldiaren Koprodukzio Foroan aurkeztu zen Clarisa Navasen proposamena. Mil Casas auzoan kokatutako maitasun lesbiko bat kontatzen du.

'Ane'

Euskadin Abiadura Handiko Trena eraikitzea eragiten ari den gatazkan kokatua, ama eta alabaren hurbiltze istorioa da.

"Elkarrean artean ezberdinak diren zazpi film esanguratsu aukeratzen saiatu gara"

Zinemaldiko zuzendaria