BILBO. Koronabirusaren pandemiak martxoan kultur-espazio guztiak ixtera behartu egin zuen, eta orain pixkanaka-pixkanaka egitarauak berreskuratzen hasi dira. Orain arte ezagutarazitako programazioaren artean, nabarmentzekoak dira 'Ama kuraia' obraren estreinaldia eta 'El viaje a ninguna parte' lanaren moldaketa.

Hainbeste itxaron den Ama Kuraia lanaren estreinaldia da emanaldi azpimarragarrienetako bat. Joan den martxoan, estreinatu baino oso egun gutxi lehenago, bertan behera geratu ondoren, ikus-entzuleek Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan berria ikusi ahal izango dute, azkenean, urriaren 22tik 24ra euskaraz, eta urriaren 29tik azaroaren 1era gaztelaniaz (Madre Coraje). María Goiricelayak zuzentzen du Bertolt Brechten lanaren muntaketa, antzezle talde bikainarekin. Horien buru, Ione Irazabal euskarazko bertsioan eta Itziar Lazkano gaztelaniazkoan.

Arriaga Antzokiaren beste ekoizpen lan handia 2021eko urtarrilean eszenaratuko da, 14tik 24ra, Ramón Barearen zuzendaritzapean. Fernando Fernán Gómezen El viaje a ninguna parte lan bikainaren Ignacio del Moralen antzerkirako moldaketa izango da. Euskal antzezle talde bikainak interpretatuko du.

Arriaga Antzokiaren ekoizpen lanak beste fruitu garrantzitsu batzuk ere emango ditu urte amaiera honetan. Azpimarragarrienetako bat, Antzerkizen (Arriaga Antzokia, Gasteizko Principal Antzokia eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokia) eta Centro Dramático Nacionalen arteko ekoizpena den Sisiforen paperak/Los papeles de Sisifo da. Arriagak, Fernando Bernuések zuzenduko duen Harkaitz Canoren lanaren emanaldiak jasoko ditu, bi hizkuntzatan. Kazetaritzari eta bidegabe itxitako egunkariei eskainitako omenaldia izan gura du. "Egunkaria kasuan" modu librean oinarritutako lana da. Sisiforen paperak azaroaren 26tik 28ra ikusi ahal izango da, eta Los papeles de Sisifo abenduaren 4tik 6ra.

Euskal konpainien hainbat estreinaldik Arriaga Antzokiaren lankidetza izango dute ekoizpen lanetan. Horrela gertatuko da Horman Posterren Antigone edo ezetzaren beharra (azaroaren 5ean) lan berriarekin eta Pabellón 6ren La mejor madre del mundo (2021eko urtarrilaren 8an eta 9an) ikuskizunarekin.

Musikaren atalean ere, Arriaga Antzokiak zenbait hitzordu interesgarri bultzatuko ditu. Alde batetik, Andrés Isasi omentzeko kontzertua egingo da, urriaren 28an, jaio zenetik 130 urte betetzen direnean. Emanaldia hasteko Mercedes Albaina-k egilearen inguruko hitzak eskainiko ditu eta jarraian garatuko da kontzertua, bi zatitan. Aurrenekoan, Aitzol Iturriagagoitia (biolina) eta Enrique Bagaría (pianoa) ariko dira, eta bigarren zatian Jone Martínez sopranoak abestuko du Itxaso Sainz de la Maza piano jolearekin batera.

Beste alde batetik, Zorionak Ludwig izenburuarekin, bederatzi abeslarik, Rubén Fdez. Aguirre piano-joleak lagunduta, Beethoven omenduko dute, konposatzaile handiaren 250. urteurrena ospatzeko. Zehazki, Marta Ubieta, Itziar de Unda, Olatz Saitua, Ana Otxoa, Javier Tomé, José Manuel Díaz, Fernando Latorre, Maite Maruri eta Josu Cabrera izango dira abenduaren 16an izango den kontzertuko ahotsak.

Egun bat lehenago, abenduaren 15ean, lehen mailako beste musika ikuskizun bat emango da, Bilbaína Jazz Club-en eta Arriaga Antzokiaren lankidetzari esker. Denboraldian zehar, "BJC Arriagan" zikloaren barruan egongo diren zenbait kontzertu emango dituzte. Oraingo honetan Perico Sambeat saxofoi-jolea entzungo dugu Flamenco Quintet boskotearen buru moduan. Musikari espainiar bikainek osatutako taldeak jazz eta flamenko oso fusio interesgarria eskainiko du. Gogorarazi behar da duela aste batzuk, "BJC Arriagan" ziklo beraren barruan beste emanaldi bat iragarri genuela, datorren urriaren 6an izango den Marco Mezquida piano-jolearena.