- Pessoa eta Sarrionandiaz gozatzeko aukera eman behar zuen Loraldiaren aurkezpena martxoan egin zen, baina handik egun gutxira etxealdia agindu zen eta jaialdiaren emanaldi asko eskegita gelditu ziren. Aldaketa batzuk proposatuz, Udagoienean loratzen da lemapean, berriz aurkeztu zuten festibala atzo, osasun alertak Loraldiaren seigarren edizioa gelditu eta sei hilabetera. Honakoan irailaren 26tik urriaren22ra bitartean ospatuko da, eta, berritasun modura, hiru eguneko esperientzia digitala eskainiko du, aurrez aurreko emanaldiak eskain-tzeaz gain. Antolatzaileek atzo adierazi zutenez, edukiera-mugak izango dituen jaialdiaren helburu nagusia betikoa da: euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea.

Ikuskizunak mugatuta egongo direnez, ohiko zuzenekoez gain esperientzia digitala ere eskainiko da. Horrela, urriaren 4an, Kanta batek mundua eral dezake? galdera erantzuteko saiakera egingo da Harkaitz Cano, Petti eta Ana Galarragaren solasaldiaren bidez. Handik lau egunera, urriaren 8an, Alos Quartet izeneko laukoteak, Lau izeneko diskoa kaleratu duenak, bere 20. urteurrena ospatuko du. Ez da faltako dantza, Aukera Dantza Konpainiaren eta Amaia Elizaranen proposamenekin, ezta musika ere, Gorka Hermosa eta Aitor Etxebarriaren emandaldiekin, esaterako. Urriaren 18an, Gure herriaren soinu banda lemapean, Mikel Urdangarinek Euskalduna Jauregian eskainiko duen solasaldia eta kontzertua ikusi ahalko dira.

Zuzeneko emanaldiei dagokienez, urriaren 16an, Bidebarrietako liburutegian, Bob Dylan artistaren omenez antolatutako ikuskizuna eskainiko da. Bere letrak euskaraz entzun ahal izango dira Iker Diaz aktorearen ahotsean, Adolfo Garcia perkusionistaren laguntzaz. Hurrengo egunean, Thierry Biscary kantari baxe nafarrak Muda izeneko proposamen artistikoa eskainiko du Itsasmuseum-en. Toki berean, bestetik, irailaren 26an Iñigo Astiz idazlearen Analfabetoa liburua oinarri hartuta, poema irakurketa eszenikoa prestatu dute berak eta Mikel Ayerbek: Högeitavat. Urriaren 14an, berriz, Miren Agur Meabek Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe poema berriak plazaratuko ditu.

Dantzari dagokionez, Mizel Theret sortzaileak Diagonalean zehar koreografia plazaratuko du urriaren 9an, esku pilotarien keinua abiapuntu-tzat izanik. Lehenago, urriaren 1ean eta 2an Lurrun minez izeneko lanaz gozatu ahal izango da La Fundición antzokian; Galder Perezek idatzi zuen gidoia eta orain estreinatuko da. Bertsolaritzaren alorrean, urriaren 11n Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruz idatzitako Zaharkitze programatua testuaren gainean inprobisatuko dute Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek Guggenheim Museoan. Testuaren irakurraldiari Don Inorrez taldeak jarriko dio soinu banda.

Loraldia Kultur Elkarteak bere webguneren eta YouTube-ren bidez eman zuen atzo aurkezpena. Gainera, bideoz parte hartu zuten Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak. Festibalaren izenean Imanol Agirre zuzendariak eta Amaia Ocerin komunikazio arduradunak parte hartu zuten. “Sormena da irtenbidea” aldarrikatuz, festibala berreskuratzea erabaki dutela argitu zuten Meet plataformaren bidez egindako topaketan. Gainera, kultura segurua dela defendatu zuten, eta, hortaz, modu seguruan bizi eta gozatu daitekeela. Topaketa horretan, Lorazain eguna urriaren 17an ospatuko dela argitu zuten.

Musika. Urriaren 18an Bob Dylan artistaren omenez Iker Diaz aktoreak errezitatu egingo, Adolfo García perkusionista izango du lagun Bidebarrieta liburutegian.

Literatura. Urriaren 22an ‘Muga’ diziplina anitzeko proiektua eskainiko da Euskararen Etxean Xabier Montoiaren ‘Anfetamiña’ liburutik abiatuta.

Dantza. Urriaren 9an ‘Diagonalean zehar’ koreografia plazaratuko du Mizel Theret iparraldeko sortzaileak.

Antzerkia. Urriaren 1ean eta 2an ‘Lurrun minez’ lana eskainiko da La Fundición aretoan, Galder Perezen gidoia duena.

Bertsolaritza. Urriaren 11n Maddalen Arzallusek eta Onintza Enbeitak ‘Zaharkitze programatua’-ri buruz inprobisatuko dute.