- “Hausnarketarako joera” duten “lan bereziak” gailendu dira inoiz baino partaidetza handiagoa izan duten 2019ko Resurrección Maria Azkue Literatura Sarietan. Guztira, 568 lan aurkeztu dira Euskaltzaindiak eta BBK-k antola-tzen duten lehiaketara, iaz baino 433 gehiago. Nabarmentzekoa da horietako 164 Oiartzungo Haurtzaro ikastolatik jaso direla. A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Ekain Errazu ?narrazioan? eta Unai Oruesagasti ?gailendu dira poesian?; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak), berriz, Amaiur Puente izan da irabazlea narrazioan eta Idoia Zabalo poesian.

“Ondo idatzitako testu asko dago, eta molde ezberdinen erabilera zorrotza gaiak tratatzeko”, azpimarratu zuten epamahaikideek. A mailan Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni izan dira epaimahikideak; B mailan, aldiz, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta. Nabarmendu zutenez, “lan bereziak” eta “hausnarketarako joera dutenak” aurkeztu dira edizio honetan. Gainera, parte-hartzaileen artean “idazkera finaren jabe egiteko” ahalegin handiak sumatu diztutela ohartarazi zuten.

Sari banaketa atzo ospatu zen Euskaltzaindiak Bilbon duen egoi-tzan. Irabazleak zoriondu ostean, Andres Urrutia euskaltzainburuak kimu berriei hitzeman zien Akademiak “euskal letrak bultzatzen eta aldezten” jarraituko duela etorkizunean. Bere aldetik, Nora Sarasolak, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak, adierazi zuen honelako egitasmoak “ezinbestekoak” direla eta guztion artean bultzatu behar direla: “Idaztea borondatea lantzeko eta sentsibilitatea garatzeko modu bat da; horregatik dira hain garrantzitsuak honelako ekimenak”.

Jakina denez, Euskaltzaindiak berak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzte sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzeko helburuz. Hainbat idazlek irabazi zuten bere hastapenetan: Alaine Agirrek, Uxue Alberdik eta Urtzi Urrutikoetxeak, esaterako. Hala ere, Resurrección Maria Azkue Saria, berez, 1975an sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak, eleberri, olerki eta saio modalitateekin eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan ez zen gaztetxoentzako saria, helduentzako baizik.

Narrazioa. Ekain Errazu, Oihan Olasolo, Nora Aiertza eta Oihane Maritxalar (aipamen berezia).

Olerkia. Unai Oruesagasti, Aiora Sebastian eta Saioa Gar-tzia.

Narrazioa. Amaiur Puente, Jare Sanzo eta Iñigo Martínez.

Olerkia. Idoia Zabalo, Jon Kortaberria eta Eider Burugain.