Azkuna Zentroak hiriaren "eraldaketarako eragile kultural" bezala izan duen indarra goraipatu zuten atzo bere lehen hamarkada ospatzeko ekitaldian. "Eraldatzeko gaitasun hori eusteko, gizartearen beharrei erantzuteko eta egungo uneak eskatzen duen hausnarketa bultzatzeko zentro dinamikoa" izaten jarraitu behar duela azpimarratu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Adierazi zutenez, hamarkada erabakigarria izan da proiektua finka-tzeko, eta, hortaz, urtemuga "iragatea" izatea nahi dute. Horretarako, iaz abiatu zen Proiektu Programaren ildoak jarraituko dira, hiriari zabalik dauden espazioak birdefinituz zentroan, erabiltzaileen esperientzian pentsatuz eta elkarrizketarako publiko berriak bilatuz.

Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak maiatzaren 18an bete zituen hamar urte, baina pandemia dela eta ospakizuna atzo arratsaldean burutu zen ate irekien jardunaldiarekin batera egin zuten. Segurtasun neurriak errespetatuta, ehun gonbidatu baino gehiago izan zituen ekitaldian, Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendariak adierazi zuenez, inoiz imajinatu gabeko testuinguruan ospatu behar izan da urteurrena. Hala ere, bere esanetan, "duela 10 urte espazio honek kultura eta esperientziak sortzeko proiektu gisa ateak ireki zituenetik egunero sentitzen dugun ilusio berarekin ikusteko gai gara etorkizuna".

Perezek azpimarratu zuenez, urte hauetan lortutako zifrek "funtzio publikoa bermatzen badute ere", hobe da kultura "zenbakiengandik baino, elkarbizitzarako, partaidetzarako edo identitaterako suposatzen duen parametroez neurtzea". Halaber, bere fun-tzioa defendatu zuen, "artearen bidez pentsamendu kritikoa izaten lagun-tzeagatik, kultura egunerokotasunetik eta publiko guztientzat egiteagatik eta bere programazioa beti aniztasunetik planteatzeagatik". Perezen aburuz, "alderdi horiek guztiak adierazle ekonomikoez neurtzeko aukera izango bagenu, kulturak eta proiektu honek errentagarritasun sozial eta ekonomikoaren ratio altuenak eskainiko lituzkete".

Bilboko alkateak, bestalde, Azkuna Zentroaren historia gogorarazi zuen, 1909an Ricardo Bastidak sortu zuen alondegitik hasita Philippe Starck diseinatzaileak 2010ean burututako birgaitzera arte. Aburtok azpimarratu zuenez, gaur egun Azkuna Zentroak "erabilera eta sentsazio anitzeko zentroa izan behar du, eta garrantzitsuena bertatik eta bere jarduera ezberdinetatik igarotzen diren pertsonak dira, eraikin honetako esperientziak gogoangarriak izaten jarrai dezaten".

Halaber, bere erronka "nazioartean kokatzea da, bertokoari uko egin gabe, kalitatezko eskaintza anitza osatzeko gai izanik". Ildo horretan, "pertsona guztiek kulturarako sarbidea izan dezaten eta sarbide hori oinarrizko eskubidetzat har dezaten erraztasunak jartzea" garrantzitsua dela esan zuen. Aburtok "kultura eta gizartea diren bi hitz ederrak Azkuna Zentroan komunitatea den hitz bakarrean elkartzea" eskatu zion egungo zuzendariari.

Fernando Pérezek 2018ko maia-tzean hartu zuen Azkuna Zentroaren zuzendaritza. Iazko urtarrilean abiarazi zuen Proiektu Programa, 2019-2023 urteen artean garatzeko ekimenez josia. Martxan jarri zutenetik, urte betean, zentrora gertura-tzen den jendea %40a hasi dela azpimarratu zuten atzo Gonzalo Olabarria Kultura Politiketako eta Gobernantzako zinegotziak. Bere esanetan, Azkuna Zentroa "Udalak egiten duen lanaren paradigma da, kulturgintzari eta kultura guztiei irekita dagoen gune ezberdin batean". Era berean, azpimarratu zuen herritarrek beren presentziarekin eta parte-hartzearekin "Bilboko kultur bizitzari lotuta dagoen sorkuntza garaikideari ekarpena egiten dion erreferente" izan dadin lagundu dutela.

"Erronka nazioartean kokatzea da, bertokoari uko egin gabe, kalitatezko eskaintzaz"

Bilboko Alkatea

"Ateak ireki zituenetik egunero sentitzen dugun ilusio berarekin ikusten dugu etorkizuna"

Azkuna Zentroko zuzendaria

"Udalak egiten duen lanaren paradigma da, kulturgintzari irekita dagoen gunea"

Kultura Politiketako zinegotzia