BILBO. Hurrengo astelehenetik aurrera, hilak 24, Bilboko Arriaga Antzokiak 'Corta el cable rojo' inprobisaziozko ikuskizuna jasoko du. Lehenengo saioa astelehenetan bertan izango da, arratsaldeko 19:30ean, eta beste bi saio eskainiko dira: bata irailaren 8an, eta bestea, aldiz, irailaren 14an.

Egileak eta antzezleak Carlos Ramos, Jose Andrés eta Salomón dira. Ikusentzuleek ziurrenez Paramount Comedy katean egiten dituzten bakarrizketengatik ezagutuko dituzte. Eurak sortu zuten Corta el Cable Rojo 2011n, ikuskizunaren munduan gero eta indar gehiago duten bi joera bateratzeko: eszenatokiko komedia eta antzerkiko inprobisazioa. Hainbat inprobisazio talde eta Stand Up komiko asko daude. Corta el Cable Rojo ikuskizunean ikusiko ditugun egileen-antzezleen show-a bakar bilakatzen duena bi gauzak batera egiten dituztela da. Komikoak eta inprobisatzaileak dira. Komiko gisa, hiruek oso esperientzia zabala dute eszenatokietan, eta euren bakarrizketak sortzen dituzte. Inprobisatzaile gisa, esaldi, leku edo pertsonaia batean oinarrituta eszena interesgarriak sortzeko prestatuta daude. Euren emanaldietan, ikusentzuleek trebezia azkarra eskertzen dute, eta etengabeko burutazioekin barre egiten dute.

Corta el Cable Rojo, guztiz inprobisatuta dagoen show-a da. Gidoia une bakoitzean sortzen da, ikus-entzuleen iradokizunetan oinarrituta. Antzezleek hutsetik sortzen diren istorioak erakusten dituzte, bat-batean abestiak konposatzen dituzte, hitz-jokoak egiten dituzte, soinu-efektuak erabiltzen dituzte eta pertsonaia paregabeak sortzen dituzte. Guztia zuzenean eta esklusiban, gau batean gertatzen dena ez delako inoiz errepikatuko. Helburua, ikus-entzuleak barre algaraka eztandaraztea da. Horrelakoa da inprobisazioa. Erabakiak hartu behar dira. Moztu Kable Gorria.

Ikuskizunak 10 eszena ditu. Bakoitza egitura desberdinekoa. Ikus-entzulea ikuskizunaren parte sentitzen da, baita ikuskizuna hasi aurretik ere. Eta antzezleekin abesten amaituko du, musikaz betetako festa amaieran. Izan ere, hori da Corta el Cable Rojo: inprobisazioaren festa. Show-a beti dago bizirik eta paregabea da, gau bakoitza berezia eta desberdina delako. Une bakoitza funtsezkoa izango da. Akziozko film baten eszena gorenean bezala: protagonistak, dardarka, bonbaren kable bat moztu behar duenean, arnasa gelditu egiten da. Inork ez daki zer gertatuko den hurrengo segundoan. Dakigun gauza bakarra dago: erabaki bat hartu eta gauzatu behar da.

SARRERAK SALGAI

Corta el cable rojo ikuskizunerako sarrerak salgai dira ohiko salmenta kanaletan: www.teatroarriaga.eus webgunean eta antzokiko txarteldegietan. Sarreren prezioak 12 eta 25 euro artekoak izango dira.