GASTEIZ. Ostegunean, apirilak 23, ospatutako Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udalaren Liburutegi Sareak blog bat abiarazi du, herritarrei kultura helarazteko konfinamendu garaian.

Izan ere, Gasteizko Udalak bertan behera utzi behar izan ditu egun hau ospatzeko antolatuta zituen jarduera guztiak, COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela kausa.

Horregatik, ordezkoa bilatu dute, sarean. 'Koaarentenan eta irekita' lemaren pean, www.gasteizkoliburutegiak.wordpress.com blogak itxialdirako gomendioak eta irakurketa interesgarrien gidak eskaini nahi dizkie herritarrei.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantoren hitzetan, "ekimen honek, erakusmahai birtual baten gisara, agerian utzi nahi du orain inoiz baino gehiago liburutegiak eraikin bat baino gehiago direla, eta gizartearen eta herritarren ondoan egon behar dutela. Blogak berak dioen bezala, Udalaren Liburutegi Sarea ez da itxi, zirkunstantzia berrietara moldatu baino ez".

LIBURU-DENDENTZAKO LAGUNTZA

Cantok erantsi duenez, "garai gorabeheratsu hauetan, ekarpena egin beharra dugu, eta erakundeetatik kulturari lagundu, hiriaren eragile ekonomiko eta soziala den aldetik. Horregatik, egun hau baliatu nahi dugu liburu-denden sektorearen sustapen ekonomikoaren aldeko ekimenekin bat egiteko, orain itxita egon arren berrasmatzen jarraitzen baitute herritarrei zerbitzu ematen jarraitzeko".

Esate baterako, Liburu-dendetako Gremioen eta Elkarteen Espainiako Federazioak (CEGAL) "Zure liburu-dendari lagundu" izeneko kanpaina jarri du abian, koronabirus pandemia dela kausa establezimenduek itxi behar izan dutelarik irakurleek sostengu eman diezaieten; horretarako, opari-txekeak sortu dituzte, ateak berriro irekitzen dituztenean horien truke liburuak eskuratzeko. Liburu-denden 'Todostuslibros.com' plataforma kolektiboaren bidez egin ahalko da hori. Gasteizen, liburu-denda hauek egin dute bat kanpainarekin: Astrolibros, Ayala, Elkar Campus, Elkar San Prudencio eta Zuloa Irudia.

Beste liburu-denda batzuek proposamen partikularrak sortu dituzte. Mara-mara dendak, esaterako, 'antidoto txartela' delakoa sortu du: opari-txeke berezi hori itxialdia amaitzen denean trukatu ahalko da. Geroago, literatur saski bat zozkatuko da eskabide guztien artean.