GASTEIZ. Gasteizko Udaleko Kultura Sailak antolatzen dituen FotoArte eta Gazteentzako Nanoipuinen lehiaketak atzeratu egingo dira, koronabirusak eragindako egoera dela eta ezin baitira egin behar ziren datan ospatu.

Pasaden ostiralean amaitzekoa zen, martxoaren 27an alegia, aurtengoan 16. Ediziora iritsi den argazkien lehiaketan parte hartzeko epea. Alabaina, deialdiak luzatu egingo du lanak hartzeko epea, harik eta gaur egun bizitzen ari garen osasun-larrialdia gaindituta data berri bat ezarri daitekeen arte. Horrek eragina izango du baita epaia jakinarazteko eta sariak emateko egunen datetan ere, zein, berez, maiatzaren 5ean eta 27an ematekoak baitziren, hurrenez hurren.

Argazkiak Internet bidez bidali behar dira, lehiaketan parte hartzeko formularioa baliatuta, esteka honetan.

FotoArteko lehen saria 1.000 eurokoa izango da; bigarrena eta hirugarrena, berriz, bakoitza 400 eurokoa. Aurten aldatu egin da orain arteko hirugarren saria, eta haren ordez Gasteizko Artistaren Saria ezarri da, 400 eurokoa, zein Gasteizen bizi, lan egin edo ikasten dutenen artean ebatziko baita. Sarien zerrenda osatzeko, bi akzesit ere emango dira, bakoitza 150 eurokoa.

Iaz 844 lan aurkeztu ziren, 474 artistenak; argi erakusten du horrek argazkizaleen artean erro sendoak egin dituela lehiaketak.

NANOIPUINEN LEHIAKETA

Gazteentzako nanoipuinen seigarren edizioari dagokionez (Gasteizko udal liburutegien sarearen jarduera-programaren baitan antolatua) lanak aurkezteko berezko epea martxoaren 19an amaitu zen. Hala ere, kasu honetan ere epea sine die luzatuko da.

Laboral Kutxak babesten duen lehiaketa hau Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten duten, eta 12 eta 30 urte bitartean direnei zuzentzen zaie.

Parte hartzeko 3 kategoria daude, eta bakoitzean euskaraz nahiz gazteleraz aurkeztu daitezke lanak. A kategorian DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek har dezakete parte; B kategorian DBHko 3. mailakoetatik 18 urte bete artekoek; eta Laboral Kutxa sarian 19 eta 30 urte bitarteko gazteek.

Nanoipunen gehieneko luzera 150 karakterekoa izango da, eta "idatzi" aditza izan beharko dute, horren adizki guztiak onartzen direlarik: idazten, idatziko, idaztean€

Honako sari hauek emango dira kategoria eta hizkuntza bakoitzean: lehen saria (diploma eta tableta.), eta bigarren saria (diploma eta 50 €-ko txartela, hiriko liburu-denda batean erosteko). Parte-hartzaile bakoitzak sari bat bakarrik jaso ahalko du.