bilbo - Mikel Antzak idatzitako Pessoak atera zuen Sarrionandia kartzelatik antzezlana estreinatuko da martxoaren 18an Itsasmuseum-en. Lan honek, izenburuak berak aipatzen dituen bi idazleak ditu oinarri, eta euren ibilbide literarioek bat egin zuten garaira jauzi egiten du.

Loraldia Kultur Elkartearen enkarguz ekoitzitako lan honi, An-tzak jarriko dio berba. Berarekin batera, oholtza gainean Lisboako Diana Vilarinho fado abeslari portugaldarra, eta, Ainhoa Alberdi zein Erika Olaizola aktoreak egongo dira. Datorren asteko emanaldirako sarrerak agortuta daude dagoeneko, Amaia Ocerin Loraldia-ko arduradunak jakinarazi zuenez.

1985ean kartzelatik ihes egin zuen Sarrionandiak Antzaren laguntzarekin. Baina hori gertatu aurretik, literaturak bateratu zituen bien ibilbideak. Izan ere, 1984an, Mikel Antzaren zuzendaritzapean, Luar antzerki taldeak Fernando Pessoaren O Marineiro taularatu zuen, horretarako Sarrionandiak kartzelan zegoenean egindako itzulpena baliatuz.

Hartara, Marinela-ren omenez, hiru aulki egongo dira eszenatokian, Pessoak atera zuen Sarrionandia kartzelatik obran bi aktore soilik badaude ere. "Hirugarren aulkia hutsik egongo da, Luar an-tzerki taldeko hutsunea ikustarazteko. Lau aktorek jokatu zuten Marinela orduan, hiru jesarrita, eta oso modu estatikoan, besoak ere mugitu gabe, testua buruz antzezten, eta laugarren aktore batek hilkutxan pasatzen zuen lan osoa", gogoratu zuen atzo Antzak, Loraldiak jaialdian estreinatuko den an-tzezlanaren aurkezpenean.

Gauzak horrela, hirugarrenaren aulki hutsaren ondoan, azaldu berri den moduan, bi pertsona baino ez dira egongo agertokian. Modu honetan, bi beilarik, ondo ezberdindutako bi mailen bidez, aipu literarioak eta gertaera historikoak eskainiko dituzte, Marinela-n agertzen diren amets eta hausnarketa poetikoak ere gogora ekarriz.

Martxoaren 18an estreinatuko den emanaldi horretan, Pessoaren antzezlan originalaren pasarte ba-tzuk edota Sarrionandiaren zenbait ohar ere agertzen dira. "Antzezlanak kontatuko duena da obra horrek nola baldintzatu zuen nire bizitza, Sarrionandiarena, eta beste askoren bizitza", azpimarratu zuen Antzak.

Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon da egitarauan ikus daitekeen izen ofiziala. Izan ere, antzezlanean Sarrionandia eta Pessoaren arteko hitzordu literario bat irudikatu da, Lisboan, Casa do Fado batean. Dena den, Antzak bi idazleekin daukan gertutasuna duela eta, bere burua ere sartu egin du emanaldian: "Sarrionandiarekin eta Pessoarekin izan nuen lehen lotura literarioa izan zen, eta, antzezlanean azaltzen den moduan, horrek eraman zuen dena beste errealitate batzuetara".

Casa do Fado delakoa, etxe txiki bat, eta espazio bi. Horiek izango dira eszenaratzearen euskarriak. Fadoa hasieran aipatutako Diana Vilarinho kantariak girotuko du, eta gainontzeko tokiek, hiru idazleen elkargune gisa funtzionatuko dute. Era berean, antzerki piezaren taularatzen lau kidek hartu dute parte: Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi arituko dira taulgainean, eta, Idioa Beratarbidek Mikel Antzarekin batera hartuko du kanpo begiradaren ardura. Argiztapenaren gidaritza, Miriam Ubaneten esku dago.

koadro bakarreko drama Idoia Beratarbide antzezlaneko kanpo begiradaren arduradunak azaldu zuenez, koadro bakarreko drama nahiko estatikoa da Pessoak atera zuen Sarrionandia kartzelatik obra. Halaber, emanaldiaren izenburuarekin ez nahasteko deia egin zuen: "Ez da Sarrionandia eta Pessoari buruzko antzezlan bat; haiengan oinarritutako lan bat da". Hortaz, duela egun batzuk Imanol Agirrek azaleratutakoa betetzen da. "An-tzerki pieza hau gure historiarekin lotuta dago. Alde batetik, autobiografikoa da, Antzaren biografian oinarrituta, eta bestetik, Sarrionandiaren eta Pessoaren arteko harremana islatzen du", adierazi zuen Loraldia jaialdiko antolatzaileak.