Bilbaopoesía gaur hasiko da Bidebarrietako Liburutegian. Lehen errezitaldia Ángeles Morak, Pilar Pallarések eta Antònia Vicensek emango dute. Aurtengo gaia natura da. Hirurek Poesia Sari Nazional bana dute.

Bilbaopoesía datorren asteazkenera arte, hilak 18, ospatuko da, eta hamar egunez, poesia klasikoan eta garaikidean zehar ibiliko da, naturaren gaia ardatz hartuta. Bidebarrietako Liburutegian dagoen guneak, Bidebarrieta Kulturguneak, jaialdian parte hartzen dituzten 27 egilek hartuko ditu.

Hala, Bilbaopoesía hiru autorerekin jartzen da martxan, azken urteotako erreferentzia bihurtu direnak poesian. Hirurek jaso dute Poesia Sari Nazionala: Ángeles Mora 2016. urtean, Ficciones para una autobiografía liburuarekin, Antònia Vicens, Tots els cavalls obragatik eta Pilar Pallarések 2019. urtean Tempo fósil lanagatik. Gainera, autore horiek karrera luzea dute poesiaren eta narratibaren munduan, lan ugari argitaratu dute eta aintzatespen garrantzitsuak lortu dituzte beren ibilbideetan zehar. Andaluziarrak, galiziarrak eta mallorcarrak dira, hurrenez hurren, eta gaztelaniaz eta euren jatorrizko hizkuntzan errezitatuko dute.

Bihar, asteartea, martxoak 10, poesiaren munduan emergenteak diren egileen talde bat Bidebarrietako Areto Nagusian bilduko da, literaturaren balio berriak ikusarazteko asmoz.Poeta belaunaldi berri honen sei egileek askotariko prestakuntza akademikoa dute eta poesia dute izendatzaile komun. Madrilgo Mercedes Cebrián, Andaluziako Sara Herrera Peralta eta María Sánchez, Ismael Ramos galiziarra, Aitor Francos bilbotarra eta Unai Velasco katalana dira.

Poeta berriek martxoaren 11n lagako diote lekukoa Juan Carlos Mestre (Leon), Isla Correyero (Caceres), Maribel Andrés (Salamanca) eta Andrés Neuman (Buenos Aires) bezalako ibilbide luzeko beste egile-talde bati.

Astearen erdian, martxoaren 12an, osteguna, Frantzian bizi den Aurora Vélez bilbotarraren; Erich Hackl-eren, Unibertsitate Konplutentseko irakasle, idazle eta filosofo gaztelaniaduna den austriarraren eta Karmelo Iribarren donostiarraren txanda izango da. Azkenak, 2018ko Euskadi Saria, Mientras me alejo liburuagatik lortu zuen.

Martxoaren 13an, ostirala, poesia-panoraman nabarmentzen hasten diren ahotsak elkartuko dira: César Brandon, Redry eta Loreto Sesma. Hain zuzen ere, gaztetasuna eta teknologia berrien erabilera direla eta, aipatutakoak irakurle gazteei haien artean gutxiengoa den diziplina honetara erakartzea lortu dute.

BLAS DE OTEROREN EGUNA

Blas de Oteroren jaiotzearen urteurrenarekin batera, Bilbaopoesía Bilboko poetari omenaldia egingo dio martxoaren 15ean, igandea, bere berezko produkzioarekin. Emilio Gutiérrez Cabak egilearen testu sorta bat irakurriko du, bertsotan eta prosan, Cecilia Lavilla Berganza sopranoarekin eta Miguel Ituarterekin pianoz lagunduta. Sarrerak salgai daude dagoeneko bost euroren truke.

Loraldia jaialdiarekin batera, Bilbaopoesíak Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe errezitaldia eskainiko du asteartean, martxoaren 17an. Miren Agur Meaberen poema berriak dira poesía emanaldi honen protagonistak. Lekeitioko idazleak Amorante eta Aitor Gametxo gonbidatu ditu batek soinu-banda jar dezan eta besteak ikus-entzunezko begirada eskaintzeko. Antzerkiaren mundutik iritsi da Eneritz Artetxe eta idazle handi baten begirada poetikoarekin elkartu da topaketa berezi honetara.

Bilbaopoesíaren azken errezitaldia martxoaren 18an izango da eta Nuria Barriosen - besteak beste, nobelak, olerkiak, eta bidai kontakizunak idatzi dituen filosofoa-; Francisco Ferrer Leríneren- Filologoa, idazlea, ornitologoa eta itzultzailea-; Chantal Maillard -2004ko Poesia Sari Nazionala, Kritikaren Sari Nazionala eta Andaluziako Kritikaren Saria 2007an- eta Juan Ramón Makusoren -filosofoa, filosofiako irakaslea eta euskarazko poesia idazlea- eskutik etorriko da. Laurek amaiera bikaina emango diote jaialdiari.

MUSIKA ZUZENEAN

Bilbaopoesíaren programaren barruan, literatura eta genero hau maite dutenek ere musika onaz gozatzeko aukera izango dute.

Larunbatean, martxoaren 14an, Jabier Muguruzak eta Bernardo Atxagak kontzertua emango dute, lehena Euskadin, Geltokiak Izarretara diskoliburuan oinarritua. 80ko eta 90eko hamarkadetako hamabost euskal kanturen bilduma da. Euskal autore entzutetsuen abestiak dira, artistaren geografia afektibo-musikalean leku pribilegiatua dutenak. Besteak beste, Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta Xabier Leteren abestiak biltzen ditu. Sarrerak gaurtik aurrera salgai daude, bost euroren truke.

Bilbaopoesíak beste kontzertu bat ere hartuko du, Loraldia Jaialdiarekin lankidetzan. Bob Dylan Gogoan izenburupean, Iker Diazek eta Adolfo Garcia Gorriak kontzertua emango dute martxoaren 16an.

Bilbaopoesía

Bilbaopoesía Bilboko Udalak duela hogei urte baino gehiagotik Bidebarrieta Kulturgunean antolatzen duen poesiari eskainitako literatur jaialdia da. Bilbok urtero poesiarekin egiten duen topaketa handiak hogeita batgarren edizioa ospatuko du aurten.