Bilbo - BreakOnStage Nazioarteko Kultura Urbanoen Jaialdiak 20 ikuskizun eskainiko ditu martxoaren 21ean ospatuko duen saioan. Besteak beste, bere 21. edizio honetan, egungo break dance modalitatearen munduko txapeldunak diren Last Squad taldearen emanaldiaz gozatu ahalko da, baita BMX bizikletaren Espainiako txapelduna den Diego Solansen espektakuluaz. Iaz bezala Bilbao Arenan izango den jaialdian 200 artista baino gehiago taularatuko dira eta asmoa 5.000 ikusle bertoratzea da. Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin Arriola Kultur Elkarteak antolatutako jaialdiak dantza, musika eta kirola uztartuko ditu.

Imanol Garaizabalek BreakOnStage jaialdiaren zuzendariak gogorarazi zuenez, azken bi hamarkadetan ospatutako jaiak garatzeko aukera izan du. Elorrion dantzari eskainitako emankizun bezala jaiotako proposamenak urtez urte hazten joan da, egun nazioarte mailako artistak ere biltzen dituelarik. “Gaztetasuna, freskotasuna eta emozioa arnasten dira”, adierazi zuen. Adin guztietako ikusleei zuzendutako jaialdiak kultur urbano eszenikoekin goza-tzeko aukera eskaintzen du formatu ezberdin batean. Horrela, Bilbao Arenako kantxan hiru agertoki ezberdin egongo dira eta bi ordutan zehar espezialitate ezberdinak taularatuko dira. Guztira, dantza, musika, kirola eta beste kultura urbanoen adierazpenen 20 ikuskizun egongo dira ikusgai, hiru agertokietan tartekatuak.

Garaizabalen esanetan, gune nagusian Bost Urban Dance txapelketaren final handia izango da. Sailkapenean sartzeko, lehenago, 100 urban dance talde lehiatu dira Derion, Aretxabaletan eta Erandion ospatutako norgehiagoetan. Talde onenak bi kategoria ezberdinetan arituko dira. Nagusien kategorian Breathless (Iruñea), Bamboo (Donostia) eta Elements (Santurtzi). Gazteen kategorian, berriz, Slippery (Bilbo), Legacy Breath (Iruñea) eta Feel The Sound (Bilbo). Gaztea Dan-tzan lehiaketan Gernikako Extra taldeak ere lortu du bertan parte har-tzeko txartela. “Dantzarien %95a neskak izaten dira eta adin tarte ohikoenak 10etik 14ra eta 14tik 20ra”, zehaztu zuen. “Esanguratsua da lehiaketan parte hartzen duten lehen unetik haien helburua BreakOnStage jaialdiaren taulara heltzea izatea”, azaldu zuen Garaizabalek.

Aretoko break dance lehiaketari dagokionez, egungo munduko txapeldunak lehiatuko dira, Last Squad frantziarrak. Baita Legacy, Bartzelonakoak diren Break Dance Ibérica 2019ko irabazleak, edota Feel The Sound bilbotarrak ere.

Bestetik, jaialdiaren zuzendariaren arabera, “BMX bizikletek oso goian hegan egingo dute Espainiako txapelduna den Diego Solans, Arkaitz Armendariz, Martxel Arribillaga eta Aleix Planella riderrekin”. Scooter Freestyle Battle modalitatean, aldiz, mundu mailako gorenean dauden bost rider hauek arituko dira: Jamie Addisson (Erresuma Batuko txapelduna) Alex Gonga (Junior mailako munduko txapelduna), Ruben Doniga, Marti Samper (Espainiako txapelduna) eta Asier Etxena.

Horretaz gain, bestelako ikuskizunak ere egongo dira, esaterako Indala dance theater (zirkua eta dantza urbanoa konbinatzen dituena) edota Nury & Izaskun Lock&Pop dance uneko onenak. Guzti hau Iker Villa aurkezleak dinamizatuko du.

Sarrerak Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuaren esanetan, jaialdia hip hopari lotutako erakuslehio txiki bat bezala abiarazi zen. “Gaur egun kultura urbanoaren jaialdi garrantzitsuenetako bat da Europa mailan”, azaldu zuen Bilbaok. Bere esanetan, hizkuntzaren balioa ere goraipatzen du arte eszenikoen ikuspegitik. Bere aldetik, Xabier Ochandiano Ekonomia, Merkataritza eta Enplegu zinegotziaren arabera, hainbeste urte iraun badu jaialdiak “gauzak ondo egin direnaren seinale” da, baita “zentzua eta koheren-tzia” duenaren adierazgarri.

BreakOnStage jaialdiaren ateak 17:00etan zabalduko dira, baina bi ordu iraungo duen ikuskizuna ez da ordu erdi beranduagora arte hasiko. Antolatzaileek atzo adierazi zutenez, adin guztietarako aproposa den ikuskizun honen sarrerak Kutxabank kutxazainetan eta www.breakonstage.com web orrian aurki daitezke salgai 8 eurotan (Kutxabank txartelekin) 10 eurotan (aurrez) eta 14 eurotan nagusia eta 7 urte arteko umearekin.

“Dantzarien %95a

neskak izaten dira eta adin tarte ohikoenak 10etik 14ra eta 14tik 20ra”

Imanol Garaizabal

BreakOnStage jaialdiaren zuzendaria

“Gaur egun kultura urbanoaren jaialdi garrantzitsuenetako bat da Europa mailan”

Lorea Bilbao

Euskara eta Kultura diputatua