EIBAR. Herenegun, otsailak 26, asteazkena, Lolita Flores eta Luis Mottola aktoreak Eibarko Antzerki Jardunaldien 43. edizioari eman zioten hasiera "Arrazako aktoreak" izeneko inaugurazio-hitzaldiarekin. Ekitaldia Eibarko Coliseo Antzokian gauzatu zen.

Flores familiako artista atzo, otsailak 27, igo zen eta gaur ostirala, hilak 28, igoko da berriz ere Coliseoko eszenatokira, Magüi Mirak zuzendu eta bertsionatutako "La fuerza del cariño" obra interpretatzeko. Berarekin batera, izen handiko beste aktore batzuek ere parte hartuko dute, Luis Mottola bera, Antonio Hortelano eta Marta Guerras kasu.

DRAMA ETA KOMEDIA BATERA

Aurtengo Jardunaldiak inauguratuko dituen lehen lan honetan, Pentación Espectáculos konpainiak 1983ko "La fuerza del amor" filmaren egokitzapena dakarkigu, bost Oscar sari irabazi zituena.

Aurora eta Emma oso harreman estua duten ama-alabak dira, baina bizitzari buruzko ikuspuntu oso desberdinak dituzte. Aurora, alargun dagoena, jenio biziko emakumea da baina bihotz onekoa, eta Emma etxetik atera eta independizatzeko irrikatan dagoen gazte errebeldea da. Komediaren eta dramaren aurpegi bikoitz hori aurkezten du testuak, non barrea eta negarra eskutik helduta doazen, eta egoera komikotik tragikora pasatzen da, emozioak eraginez.

Magüi Mira obraren zuzendari eta moldatzaileak nabarmendu ditu "Ezberdintasun handiak izan arren, bizitza egunero ospatzen duten lau pertsonaiekin egin duela topo", eta "bizitzaren benetako motorra amodioa, maitasuna, maitatuak izateko beharra dela".

Bi egunetan, 20:30ean hasiko da antzezlana, eta jardunaldien edizio berriko komedia nabarmenetako bat bezala aurkezten da. Sarrerak agortuta daude dagoeneko.