BILBO. 2022. urtean Kassel hirian (Alemania) egingo den documenta 15 nazioarteko arte erakusketa zuzenduko duen kolektiboa, ruangrupa, Euskal Herrian da egunotan. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek harrera egin diete gaur Tabakaleran.

Jakartan (Indonesia) 2000. urtean sortutako kolektibo honetako hiru kide etorri dira Euskal Herrira: Ade Darmawan zuzendaria, Indra Ameng programa koordinatzailea eta Ay?e Güleç aktibista eta ikertzailea. Astebetez, bertako proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak ezagutuko dituzte, bereziki euren lan-ildo eta kontzeptuak aktibatzeko gaitasuna dutenak. Testuinguru lokaletan garatutakoak izanagatik, eragin globala eduki dezaketen egitasmoetan dute interesa; jasangarritasuna, aktibismoa, hezkuntza alternatiboa eta ezagutza indigena bezalako gaiekin lotura dutenetan, besteak beste. Orotara, euskal testuinguruko 15etik gora eragilerekin egoteko aukera izango dute pasa den larunbatean Donostiara heldu zirenetik. Halaber, Bilboko Arte Ederren Museoan hitzaldi irekia eman zuten atzo documenta 15erako garatzen ari diren kontzeptuaren inguruan.

2019. urtean jarri zuen martxan Etxepare Euskal Institutuak ZABAL egitasmoa, euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu eta sendotzeko helburuarekin. Horretarako, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak ekarriko ditu urtean zehar, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko. Proiektua aurrera eramateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen, Lourdes Fernándezek sortutako arte bulegoa, laguntza du Institutuak.

Programa honen lehenengo fasea 2019ko azarotik 2020ko ekainera bitarte burutuko da. Fase honetan, guztira, nazioarteko zazpi arte komisario gonbidatuko ditu ZABAL egitasmoak. Iazko azaroan, programa martxan jarri eta berehala, etorri zen lehen gonbidatua: Ruth Estévez São Pauloko bienaleko komisarioa, hain zuzen. ruangrupa kolektiboko kideak izan dira bigarrenak Euskal Herrira bisita egiten.