BILBO. Euskadiko arteak eta kultura- eta sormen-industriek 6.800 pertsonari ematen diete lana eta 762 milioi euroko diru-sarrerak sortzen dituzte. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen Kulturaren Euskal Behatokiak egin dituen Arteei eta kultura-industriei buruzko estatistika zein Sormen-industriei buruzko estatistika ikerketen ondorio nagusietako bat. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azterlan bi hauek aurkeztu zituen atzo eta kultura- eta sormen-sektoreen garrantzia azpimarratu zuen. Kultura-industriei dagokienez, enpleguaren ikuspegitik ikus-entzunezkoek eta arte eszenikoek duten garrantzia nabarmendu da ikerketan. Sormen industriei erreparatuz, aldiz, publizitateak eta hizkuntzaren industriek ekonomia eta enplegu mailan duten garrantzia azaleratu da.

Joxean Muñoz Kultura sailburuordearekin batera, Zupiriak kultura- eta sormen- sektoreen garrantzia azpimarratu zuen ekonomiaren eta enpleguaren ikuspegitik: "Kulturarekin eta sormenarekin lotutako sektoreek oso eragin garrantzitsua dute gure ekonomian, eta Euskadin ia 7.000 pertsonari ematen diete lana era zuzenean. Kulturaren Euskal Behatokiak egindako estatistikek agerian uzten dute garrantzi hori, eta, lehen aldiz, sormen industrien garrantzia nabarmentzen zuten; izan ere, orain arte kultur esparruaren bazterretan kokatu izan badira ere, gero eta gehiago hartzen dira kontuan kulturaren munduan".

Datu orokorrak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren mende dagoen Kulturaren Euskal Behatokiak egin ditu estatistika hauek. Arteei eta kultura-industriei buruzko estatistika-ri dagokionez, seigarren edizioa izan da eta arlo publikoa zein pribatua hartu dira aintzat. Ondoko sektoreak aztertu dira: arte eszenikoak, ikusizko arteak, musika, liburu eta ikus-entzunezkoak. Sormen industriei buruzko estatistika, aldiz, lehen aldiz burutu da. Kasu honetan ondoko sektoreak aztertu dira: arkitektura, diseinua, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea eta bideo-jokoak.

Datuek islatzen duten irudi globalak (kultura- zein sormen-industriak) 1.092 eragile biltzen ditu eta hauek, aztertutako epealdiko datuek diotenez, 762 milioi euroko diru-sarrerak dituzte eta 6.834 pertsonari ematen diete lana. Enpleguaren ikuspegitik. Kultura-industrien kasuan, diru-sarrerak 407,5 milioi euro dira: 139,9 arlo pribatutik datoz; 191,8 arlo publikotik eta 21,7 milioik elkarte eta fundazioak dute jatorri. Aztertutako estatistika-datuen arabera, kultura- eta sormen-sektoreetako gastuak 398,6 milioi euro dira guztira. Sormen sektoreen kasuan, diru-sarrerak 354,5 milioi euro izan ziren; gastuak, aldiz, 311,6.

Sektore guztiei erreparatuz, ikus-entzunezkoaren industria da diru-sarrera handienak dituena (178 milioi aztertutako urtean). Jarraian, publizitatea dator (158,5 milioi eta sormen industrien artean lehena), gero musika (90,3 milioi), liburu-industria (70,9 milioi) eta hizkuntzen industria (64,3 milioi). Ikus-entzunezkoaren industriaren kasuan, diru-sarreren bi heren (% 65,4) arlo publikotik datoz (EiTB, diru-laguntzak€). Arlo pribatua jatorri duten diru-sarrerek % 34,4 suposatzen dute, eta elkarte eta fundazioak jatorri dutenek % 0,2. Musikaren arloan, aldiz, arlo pribatuak pisu askoz handiagoa dauka eta sektorearen diru-sarrera guztien % 60 suposatzen du (sustatzaile pribatu, kontzertu-areto, diskoetxe eta diskoak saltzeko dendak batuz).