BILBO. Hurrengo ostegunean, hilak 30, Brian de Palmaren 'Domino' filmaren aurre-estreinaldia izango da Bilbon, maiatzaren 8tik 16ra bitartean ospatuko den Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren (FANT) 26. edizioaren barruan.

Iaz, 25. edizioa zela eta martxan jarri zuen ekimen honekin, maiatza baino lehen bere ikus-entzuleekin elkartzeko aitzakia bilatzen ari da FANT, hilean behin aurre-estreinaldi bat eskainiz. 20:00etan hasiko da saioa, Golem-Alhondiga zine-aretoetan. Sarrera doakoa izango da, proiekzioaren egun berean, 16:00etatik aurrera, txarteldegian jaso beharko den gonbidapenarekin -pertsona bakoitzeko 2 gehienez, leku guztiak bete arte-.

Nikolaj Coster-Waldau ("Juego de tronos" tele-saiokoa) eta Carice van Houten ("El libro negro") ezagunak dira indar handiko thriller garaikidearen protagonistak. Antzezle taldea osatuz Guy Pearce ("Memento") arituko da. Brian De Palma txalotuak zuzendutako lana da, generoaren benetako maisua, bere filmografian dauden maila bikaineko "Carrie", "El precio del poder" edo "Los intocables de Eliot Ness" lanek erakusten duten bezala.

Istorioaren protagonista, bere lankidearen hiltzailea aurkitzeko ofizial batekin elkartzen den Danimarkako polizia bat da. Bikoteak ez dakiena da jazarten ari diren pertsonak CIAren operazio berezi batean egiten duela lan, eta Europan Isisen zelula terrorista baten arrastoa jarraitzen ari dela.

Bilboko Udalak ireki du jadanik FANT 26 jaialdiaren hurrengo ediziorako film laburrak eta luzeak aurkezteko epea. Ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna 2020ko martxoaren 1a izango da. Lehiaketara materialak aurkezteko prozedura eta behar den informazio osagarri guztia jaialdiaren www.fantbilbao.eus webgunean agertzen diren oinarri osoetan kontsulta daitezke.