IBBY-k antolatutakoak

Elena Odriozola ilustratzailea Hans Christian Andersen sarietarako nominatu dute

23.01.2020 | 17:40

BILBO. Elena Odriozola ilustratzaile euskalduna Hans Christian Andersen saria irabazteko aukera izango du. Sari horiek munduko saririk nabarmengarrienetarikoak dira haur eta gazte literaturaren arloan, bi urtean behin ematen dira eta Odriozolak beste bost artistekin lehiatuko da. IBBYk antolatzen ditu Hans Christian Andersen sariak.

Odriozolak bitan jaso du Euskadi Saria (2009, 2013), Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala 2015ean eskuratu zuen eta, urte berean, Bratislavako Biurtekoan Urrezko Sagarra irabazi zuen. Odriozolak martxan jarri berri du bere argitaletxea: Editorial Modernas El Embudo.

Martxoaren 30ean, Bologniako HGL azoka entzutetsuan jakitera emango dute aurtengo Andersen sarietako irabazleen izenak; bata idazlea, bestea ilustratzailea. Odriozolarekin batera Junko Yokota buru duen epaimahaiak aukeratutako beste bost ilustratzaileak honakoak dira: Isabelle Arsenault (Kanada), Seizo Tashima (Japonia), Iwona Chmielewska (Polonia) eta Albertine (Suitza). IBBYk munduan barrena dituen ordezkaritzetatik 36 izendapen jaso zituen; tartean, Odriozolarena Galtzagorri Elkarteak OEPLI Espainiako HGL elkarteari proposatutakoa. Sariak IBBYren 37. Kongresuan emango dituzte, Moskun, datorren irailean.

Izendapen horietatik guztietatik sei aukeratu dituzte –Odriozola tarteko–, eta epaimahaikideek egileen obra osotasunean aintzat hartu dutela adierazi dute. Hain zuzen, obraren kalitate estetikoa zein literarioa, baita haren freskotasuna eta berritzeko xedea ere. Halaber, haurren jakin-mina eta irudimena xaxatzeko gaitasuna eta baliabide estetikoen aniztasuna baloratu dituzte.

Idazleen atalean, jasotako 34 izendapenetatik hautatutako sei idazleak ondokoak dira: Maria Cristina Ramos (Argentina), Bart Moyaert (Belgika), Marle-Aude Murail (Frantzia), Farhad Hassanzadeh (Iran), Peter Svetina (Eslovenia) eta Jaqueline Woodson (AEB).