BILBO. Gasteiztarrek 65 ikuskizunez gozatu ahal izango dute negu-udaberriko denboraldian. Horietako 49k Principal antzokian estreinatuko dira. Gainerako 16 ikuskizunak, hiriko gizarte etxeetan egingo dira. Denboraldi berriaren aurkezpena Estibaliz Canto Kultura zinegotziak egin zuen pasaden asteazkenean. Bertako sortzaileen 30 proposamen ditu programak, horietako 12 euskaraz dira eta 10 erabateko estreinaldiak.

Goi mailako antzerkia

Dramaturgo ospetsuak izango dira berriz ere Gasteizen: Andrés Lima, Borja Ortiz de Gondra, Miguel del Arco, David Serrano, Carme Portaceli, Álvaro Tato eta Helena Pimenta, besteak beste. Zentro eszeniko garrantzitsuen ekoizpenak ere izango dira: Centro dramático Nacional, La Compañía Nacional de Teatro Clásico, El Teatro Español, eta abar. Denboraldi honetako uztaren onena jasotzen duten proposamen dramatikoak.

"Antzerkietan emakumezko antzezle handi eta ospetsuak nabarmentzen dira, oraingoan: Verónica Forqué, Blanca Portillo, Adriana Ozores, Aitana Sánchez Gijón, Carmen Machi, Nathalie Poza, Manuela Velasco edo Nuria Espert", azpimarratu zuen Estibaliz Cantok.

Helduentzako abonamenduak kalitateko 9 obra biltzen ditu. "Zerbait nabarmentzearren, Federico García Lorcaren 'Romancero Gitano', duela zenbait urte Asturiasko Printzesa Saria irabazi zuen Nuria Espert aktorearekin, zein 80 urte beteko dituen egunean etorriko baita Gasteizera. Ziur nago, bada, gasteiztar guztion artean urtebetetze-opari on bat egingo diogula", adierazi zuen zinegotziak.

Musika

Musikari dagokionez, talde ospetsuen bost kontzertu antolatu ditu Kultura Sailak, eta horretaz gain, bestelako musikak eta musikal ezagun bat ere bai.

Ruper Ordorika martxoaren 12an izango da Gasteizen, eta Les Luthiers taldeak hiru saio eskainiko ditu martxoaren 20an eta 21ean. Apirilaren 3an, Coque Mallak "Revolución Tour" bira aurkeztuko du.

Poetak maiatzean jaialdiaren baitan, Dulce Pontes-ek kontzertua emango du, Daniel Casares eta Ylesy Herediarekin batera, Principal antzokian maiatzaren 15ean. Maiatzaren 21etk 24ra, Broadwayko "West Side Story" klasikoa izango da Principal Antzokian, nazioko kartelerako klasiko arrakastatsuenetako honek Gasteizen amaituko du bere bira.

Ekainaren 12an, gazteenentzako proposamena izango da, Sofia Ellaren pop freskoa.

Programazio honi beste hauenak ere gehitu behar zaizkio: 'dantza abonamendua',l 'euskarazko ikuskizunen abonamendua', 'familientzako antzerki abonamendua", 'Musika familian' abonamendua, abonamendutik kanpoko beste proposamen batzuk, eta dagoeneko aurkeztuak diren Kontzertu Handien Zikloa eta XXI. Mendeko Flamenkoaren zikloa.

Abonamendu salmenta urtarrilaren 23an, 24an, 25etan eta 26an egingo da ohiko lekuetan (on line, leihatiletan eta telefonoz) Horretaz gain, urtarrilaren 28an eta 29an abonamendu irekiak jarriko dira salgai (leihatiletan eta telefonoz bakarrik) eta urtarrilaren 30ean, berriz, sarreren aldez aurretiko salmenta hasiko da, ohiko leku guztietan.