Bilbo - Arriaga Antzokiaren Garai Zekenak (Tiempos Mezquinos, gaztelaniaz) ekoizpena urte hasieran bueltatuko da Bilbora. Denise Despeyrouxen obra da, Henrik Ibsen dramaturgoaren Hedda Gabler lanean oinarritutakoa.

Hala, lehenik, urtarrilaren 13 eta 14an gaztelaniaz eskainiko da an-tzezlana, eta Nerea Lorentek egindako euskarazko bertsioa berriz, otsailean izango da antzokian, 3 eta 4ean. Modu horretan, Raul Canceloren zuzendaritzapean izango da Miren Gaztañaga antzezlea, obran protagonista dena, Heddaren pertsonaiaren papera egiten baitu. Arriagak atzo ohar batean adierazi zuenaren arabera, "ohikotik guztiz kanpo" dagoen eszenan eskaintzen da antzezlana, ez baita eszenatokian egiten, Arriaga Antzokiko hainbat gunetan baizik. Hala, ataria, eskailera nagusia, foyerrea eta gelatxo isabeldarra obraren oholtza bihur- tzen direlarik.

Modu horretan, eszenatoki berezi honetan eskaintzeak, "antzezlana antzezleekin batera jarraitzeko aukera paregabea dakar, ez modu emozionalean bakarrik, baita modu fisikoan ere". Hori dela eta Arriagaren arabera: "Garai zekenak-Tiempos mezquinos esperientzia desberdina eta oso berezia da, protagonisten ondoan egindako benetako bidaia", hain zuzen ere.

Hala ere, eszenatoki berezi horretan antzeztearen ondorioz, leku kopurua "oso txikia" dela ohartarazi zuen Arriagak. Sarrerak salgai daude jadanik 20 eurotik antzokiko txarteldegian eta baita bere webgunean ere.

Miren Gaztañaga protagonistarekin batera beste bost euskal an-tzezle izango dira oholtzan, izan ere Kepa Errasti, Arantza Goikoetxea, Gabriel Ocina, Aritza Rodríguez eta Pako Revueltas osatzen dute lantaldea; gainera azken hau zuzendari laguntzailea ere da antzezlanean.

Harrera ezinhobea Garai Zekenak obra pasa den urtean estreinatu zen Arriagan eta Bilboko Antzokiak berak azaltzen duen bezala, "joan den denboraldian ikusi zuten guztien artean antzezlanak utzi zuen aho zapore bikaina" eta baita "orduan ikusi ezin izan zuten ikusentzuleei beste aukera bat ematea" izan dira lan hau berreskuratzeko arrazoi nagusiak.

Horrenbestez, Estatuan ere harrera ezinhobea izan zuen Garai Zekenak antzezlana, hiru sari jasotzeko hautagai izan baitzen azken Max Sarietan. Denise Despeyroux egilea, Antzezlanaren moldaketa edo bertsio onenaren 19 hautagaietako bat izan zen, Raúl Cancelo Eszena zuzendaritza onenaren sarirako hautagai izan zen eta azkenik, Miren Gaztañaga Emakume antzezle protagonista onenaren saria lortzeko 19 hautagaietako bat izan zen. Horrez gain, Gaztañagak Ercilla Sarietarako izendapena ere lortu zuen Garai Zekenak lanean egindako paperagatik.

Eguneratutako bertsioa Arriagak azaldu zuenez, antzezlanaren gai nagusia "askatasun falta da", hori baita protagonista nagusiaren, Heddaren, "drama". Gaztañagak antzeztutako pertsonaia "bizimodu erridikuluan harrapatuta sentitzen da", eta hori gutxi balitz, "munduan gauza bakar baterako joera baino ez duela sentitzen du: hil arte aspertzea". Horren ondorioz, "Heddaren eta bere ingurukoen garaiak garai zekenak dira". Gauzak horrela, Arriagaren esanetan, "Ibsenen dramaren pertsonaiak mende hartzen dituzten dinamika psikologikoak, gaur egungo euskal ingurunera ekarri dira". Hor dago hain zuzen ere, proiektuaren "alderdi erakargarrienetako bat", Ibsenen XIX. mendearen amaierako testu bat gaur egunera moldatu baita. Hala ere, egitura dramatikoari eta pertsonaien eraikuntzari eutsi diote bertsio honetan.