Lehen aldiz

Pablo de Urangaren Liniers jeneralaren atxiloketa Arabako Arte Ederren Museoan da ikusgai

Elena María Uranga Azpiri ilobak 2017an dohaintzan eman zuen lana

29.12.2019 | 10:28
Pablo de Urangaren Liniers jeneralaren atxiloketa.

Bilbo. Pablo de Urangaren Liniers jeneralaren atxiloketa Arabako Arte Ederren Museoan da ikusgai lehen aldiz. Elena María Uranga Azpiri ilobak 2017an dohaintzan eman zuen lana.

Formatu handiko pintura historikoaren adibide ona da obra hori. Urangak 1910eko Buenos Aireseko Nazioarteko Erakusketara aurkeztu zuen, zeina Maiatzeko Iraultzaren 100. urteurrena ospatzeko egin baitzen. Margolanak pasarte hau erakusten du: Liniers-ek, ingelesen aurkako garaipena lortzean heroi bilakatu zenak, abertzaleen aurka egin zuen Maiatzeko Iraultzan, baina atxilotu eta exekutatu egin zuten azkenean. Zaldiak, eskortzo bortitz bidez, bitan banatzen du eszena; batean, jenerala eta haren gizonak, batzuk oraindik eraikinaren babesean; nabarmena haien begitartea, batzuena ia karikatura dena.

Bestean, abertzaleak, eraso egiteko pronto. Eszena bizia da, mugimendu izoztukoa, ordea; Urangaren lorratza gorri-horien tonuen bizitasunean eta zeruaren urdinarrosetan antzematen da, oso ohikoak haren lan guztietan.

Obrak hainbat deformazio zituen euskarrian, denbora luzez bilduta eta giro hezean egoteagatik. Oihala oso gastatuta zegoen, tarratadak zituen eta onddo kolonien erasoa nabaria zen eremu zabaletan. Azaleko zikinkeria zeukan, eta eremu batzuetan kolorea galduta, oihala behar ez bezala biribilkatuta izatearen ondorioz.

Lehenengo jarduna izan zen presako esku hartzea egitea, euskarria tenperatura eta hezetasun baldintza hoberenetan egonkortzeko, eta ondoren lanerako bastidore batean muntatu zen, deformazioak pixkanaka kentzeko. Esku hartze hori 2016an
egin zuten Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuko pintura zaharberritzaileek.

2017. urtean, Carolina García Maudes zaharberritzaileak tratamendu fungizida bat egin zuen, gastatutako zuntzak indartu eta finkatu zituen, pintura geruzan zegoen zikinkeria geruza kendu zuen, berrehundura flotagarri bat egin zuen eta kolore galerak lehengoratu zituen.

Egilea

Pablo Urangak hiriko Arte eta Lanbide Eskolan eta Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademian egin zituen lehen ikasketak. 1888an Parisera joan zen bere
prestakuntzarekin jarraitzera. Han giro artistikoan parte hartu zuen, besteak beste Santiago Rusiñol eta Ignacio Zuloagarekin batera. XX. mendearen hasieran Euskal Herrira itzuli zen eta 1906an Gasteizen jarri zen bizitzen. Hemen egon zen 1918ra arte, Donostiara joan arte. Pintura genero guztiak estilo pertsonalarekin landu zituen, Espainiako tradizio klasikoaren zordun, baina Frantziako abangoardiaren galbahetik igarota.