Bilbo - Gaur Antonio de Trueba jaio zenetik berrehungarren urteurrena ospatzen da, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek data garrantzitsu hau ospatzeko, Galdameseko idazle eta intelektualaren eskuz idatzitako gutun bat eta bi argazki erosi ditu.

Lehenengoari dagokionez, idazle bizkaitarrak Fernando Pedrosari, 1873ko abenduaren 6an idatzitako jatorrizko gutun bat da, zeinetan, besteak beste, "Madrileko helbide berria jakinarazi zion".

Horrez gain, bi argazki zahar ere eskuratu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusiek, horietako bat Adolfo Guiard argazkilari frantsesak 1874. urtean ateratako argazkia da eta bestea, berriz, formatu handikoa da, 1920. urtekoa, "non neska bat eta bi mutil Antonio de Truebaren omenez, Bilboko Albia lorategietan, eraikitako monumentuaren aurrean agertzen diren".

Hala, atzo Batzar Nagusiek ohar batean azaldu zutenez, "eskuratutako hiru elementu hauek oso interesgarriak dira, ez baita ezagutzen Truebaren jatorrizko artxiboa non dagoen edo bizirik irauten duen, beraz, ezinezkoa da bere bizitzan zehar garaiko politikari eta intelektual ospetsuenei idatzitako gutun ugariak kontsultatzea".

Omenaldia Batzar Nagusiek Trueba jaio zenetik berrehun urte igaro direla ospatzeko, Enkarterrietako Museoan erakusketa berezi bat antolatuko dute 2020ko lehenengo hiruhilekoan. Izan ere, Antonio María de Trueba y de la Quintana (Galdames, 1819-Bilbo, 1889) "XIX. mendean gehien nabarmendu zen Bizkaiko intelektualenetariko bat izan zen". Eleberri, ipuin eta poesia ugari idatzi zituen eta lan etnografiko garrantzitsua egin zuen, Bizkaiko tradizioak bilduz. Horrez gain, "euskal balioak eta foruak ere irmotasunez defendatu zituen eta Jaurerriko Kronista eta Artxibozain izendatu zuten". Hura omentzeko hain zuzen ere, 2018an Batzar Nagusiek, Foru Aldundiak eta Galdameseko Udalak lankidetza protokolo bat sinatu zuten, idazleari buruzko ikerketa egiteko, zeina amaitzear dago eta bere emaitzak ezagutzera emango dira argitalpenaren eta Museoan inauguratuko den erakusketaren bidez. - DEIA