BIAK hemeretzi urterekin hasi ziren musikagintzan, eta biak bete-betean sartu ziren Durangoko Azokan. Hala ere, Gontzal Mendibilek bere ibilbideko lehen pausoak eman zituenean, Izaro Andres jaiotzeko hogei urte falta ziren oraindik. Gaur, zentimetro gutxik aldentzen dituzte biak Durangoko Azokan.

Haien ibilbideak guztiz ezberdinak izan dira. Alde batetik, Mendibil Francoren garaian hasi zen, “ikurriñak debekatuta zeudenean eta kantak gobernadore zibilari erakutsi behar zitzaizkionean”; eta, beste aldean Izaro, gizartearen digitalizazio garaian bete-betean sartuta dagoenean murgildu da musikagintzan.

Urtero urtero Izaro bezalako artista gazteak eszenan sartzen direla dio Mendibilek, “gazteak sartzen dira bai, eta eskerrak, erreleboa behar baita. Gurean jarraipena dagoela ikusten dut, eta gauzak ondo egiten ari direla”. Izan ere, Izaro orain dela lau urte ailegatu zen Landakora lehenengoz. Hasteko, Musika Zuzenean standean, gero Vendettarekin standa elkarbanatuz; eta, azkeneko bi edizioetan, gune propioa izan du, ilara luzeenak pilatzen dituen musikarien artean kokatzen delarik.

Belaunaldi ezberdinetakoak dira, eta horregatik elkarren musika en- tzuten duten galdetzean, Mendibilek barrezka dio: “Nik Izarorena berak nirea baino gehiago entzungo dut, seguru”. Eta bigarrenak berretsi egiten du Mendibilen baieztapena: “Egia esan nire gurasoak bere fanak dira, eta horregatik jakin izan dut nor neukan standaren alboan”.

Publikoan ere tarte handia soma- tzen dute. Mendibilek berrogeita hamar urtetik gorakoek jarraitzen dutela esaten duen bitartean, Izarok bestetik, bere jarraitzaileak normalean hogeita lau urtetik gorakoak direla esaten du. Eta egunotan ondo ezagutu ditu “jarraitzaile gazteenak”, goiz eta arratsalde ematen baitu abeslari gazteak ehunka fanek erositako aleak sinatzen. “Oso aberasgarria da haiekin dudan hartu-emana, baina agortuta buka- tzen dut”.

Anekdota gisa, Izarok egunotan izan duen momentu hunkigarri bat kontatzen du: “Bikote batek bere haurrari Izaro jarri dio nire omenez, umetxoa besoetan jarri zidaten eta ikaragarri emozionatu nin- tzen”. Mendibilek ere noizbait gauza bera gertatu zaiola gehitzen du.

Abeslari beteranoa musikan hasi zenean, mugikorrak ez ziren existitzen oraindik, eta egun kontsumo erak aldatu egin diren arren, eta Spotify edota Youtuben kantak en- tzutea ohikoena bilakatu denean, Gontzal Mendibilek “formulak bilatzen” dituela defendatzen du. Batez ere, “garrantzitsuena estilo propioa izatea” dela dio, eta “nire ustez bai Izarok eta nik neuk, badugu”. “Ez dugu moda jarraitu behar, oso aldakorra delako”, gaineratzen du abeslariak.

Artisten estilo edota belaunaldian desberdintasun handiak aurki daitezkeen arren, biek dute publikoaren harrera ezinhobea. Eta Durangoko Azokan haien maitasuna jasotzeaz gain, “halako plaza ezinbestekoa” dela dio Izarok, kultura “oso prekarioa” delako. Izan ere, “urtean zehar kriston gutxi irabazten da, horregatik Durango, sorkuntza dignifikatzeko eta ordaintzeko ezinbestekoa da, dirurik gabe ezin baitugu ezer egin”. Gontzal Mendibil ere, ados ager- tzen da abeslari gazteak azaldutakoarekin, izan ere urtean zehar lehortea dagoen bitartean, Durangoko Azoka, “argi izpia” dela dio musikariak.