Gerediaga elkartea eta Azokako guneetako antolakuntza, beraz, pozik agertu dira Durangoko Azokako 54. edizioan eman duenarekin. "Azoka aurretik esaten genuen Durangoko Azoka oso ekosistema berezia dela. Eta egunotan argi geratu da hori horrela dela. Askok osatzen dugu Durangoko Azoka, eta lau egunez, denon artean, bizia eman diogu".

Durangoko Azokako 54. edizioa gora-beherarik gabe igaro dela azpimarratu du antolakuntzak. Giro ona izan da nagusi Azokako espazioetan eta Azokatik kanpo ere, eguraldia lagun. Bisitari kopuruari dagokionez ere, 54. edizioa oso jendetsua izan da, eta egun guztien artean orekatua. Abenduaren 6a eta 7a izan dira egunik jendetsuenak (abenduaren 8ko datuen faltan). Abenduaren 5eko goiza, Ikasle Goiza hain zuzen ere, oso jendetsua izan zen, Euskal Herri osotik etorri ziren milaka eta milaka ikasle, horrek duen garrantziarekin euskal kulturaren transmisioarentzat. Abenduaren 5eko arratsaldea izan da lasaiena, jende kopuru aldetik.

Datu zehatzei dagokionez, abenduaren 8ko arratsaldearen faltan, Durangoko Azokak 110.000 bisitari jaso ditu. Honen arabera, abenduaren 6a izan da egunik jendetsuena, 39.000 bisitarirekin.

Datu horiek Landako Guneari erreferentzia egiten diote, baina Durangoko Azoka ez da bakarrik pabiloira mugatzen. Lau egunez Durangoko Azokako gune guztiak egon dira jendez lepo, eta baita Durangoko kale eta tabernak ere. Horren adibide da, esate baterako, Durangoko Azokak antolatzen duen autobus-zerbitzuak izan duen erabiltzaile kopuru handia. Aurten 5.000 lagunek erabili du doako lanzadera zerbitzua (iazko kopuru bera, baina egun bat gutxiago izanda). Azokara gerturatu den jende kopuruaren adierazgarri ere bada, DA! poltsak agortu direla (4000 ale kaleratu ziren).

Azokako webguneak bisita ugari jaso ditu Azoka egunetan, eta batez ere egitarauarekin lotutako kontsultak izan dira ikusienak. Orotara 38.800 bisita jaso ditu webguneak (gaurko arratsaldearen faltan), eta egun bateko bisiten marka hautsi du webguneak: abenduaren 5ean, 13.600 bisita.

Horrek argi aditzera ematen du, Azokako bisitariak gero eta gehiago begiratzen duela Azokako egitaraua kulturaren plazara etorri baino lehen, eta horren arabera egiten duela Azokako plana. Zalantzarik gabe esan dezakegu, Durangoko Azokako kultur egitaraua finkatu egin dela eta Azokako ekosistemaren ezinbesteko osagaia dela.

Azokako guneen balorazioa

Durangoko Azokako zazpi guneek ere 54. edizioa oso modu positiboan baloratu dute. Szenatokian aipatu dutenez, gunea "mikrotik makrora" igaro da eta Antzerki eta Dantza Laburren Jaialdia oso arrakastatsutzat jo dute, batik bat larunbateko eguna (mila ikusle izan zituzten). Ostiralean ere, Kukai Dantza Taldearen "Erritu" ikuskizunarentzat sarrerak agortu ziren.

Irudieneako arduradunak ere oso pozik agertu dira azken lau egunetako joan-etorriarekin: "Lortu dugu Azokako bisitarien agendan ikus-entzunezkoek leku bat izatea". Arratsalde baten faltan 1800 ikusle baino gehiago izan dituzte, eta Zugaza zinemetan izan duten "familia giroa, irrika eta emozioz betea" nabarmendu dute. Apaiz kartzela dokumentalaren proiekzioa izan da ekitaldirik jendetsuena, baina emanaldi askotan egon da aretoa beteta.

Saguganbarari dagokionez, "azken urteetako anitzena" izan dela azpimarratu dute arduradunek, "bai pasatu diren artistei, kultur disziplina ezberdinei edo bisitariei dagokienez". Ibilbide luzeko idazleak egon dira, hasi berriak; esperimentatzen ari direnak, gazteak, nagusiak, marrazkilariak, zientzialariak... Bisitari kopuruari dagokionez, oso jendetsua izan da parte-hartzea Saguganbaran, egun guztietan salbuespenik gabe.

Kabi@n aurkeztu diren "proiektu eta eztabaiden ausardia" nabarmendu dute bertako arduradunek: "Etorkizunaren nostalgia izateko arrazoiak badaude". Gamer Egunean gazte ugari batu ziren egun osoan zehar, eta larunbat arrastian AtopiaRPG rol-jokora nola jolasten den ikasi ahal izan genuen (streaming bidez ere pertsona ugarik jarraitu zuten).

Ahotsenean, azken urteetan bezalaxe, oso giro ona egon da zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. Musikari eta idazle ezagunek sortu dute ikusminik handiena (Zea Mays, Skakeitan, Bernardo Atxaga, Berri Txarrak eta Harkaitz Cano, Miren Amuriza, Yogurinha Borova eta Porrotx eta abar). Baina nabarmentzekoa da zenbat talde berrik hartu duten parte Ahotsenean euren lehengo diskoa aurkezteko, eta gauza bera euren ibilbidea hasi berri duten idazle eta sortzaileekin.

Plateruenan ere giro aparta eta jende ugari izan da kaleko eskaintzaz gozatzen. ETS En Tol Sarmientoko sarrerak agortu ziren, eta Zetak taldearen kontzertuan oso oso sarrera gutxi geratu ziren; 800 entzule baino gehiago egon zen kontzertu bakoitzean. Atzo Arkada Social taldeak ere oso harrera ona izan zuen publikoaren artean, 600 entzulerekin. Egunean zehar ere Plateruenan izandako giro ona ere nabarmendu dute.

Areto Nagusiaren kasuan, eragile eta erakunde ugarik euren proiektu eta asmoen aurkezpenak egin dituzte, baina azpimarratzekoa da, gero eta gehiago, "formatu ezberdineko aurkezpenak" egin direla, sortzailegoak eta ez-ohiko baliabideekin. Horrez gain, ekitaldirik bereziena "Throwing voices" ikuskizuna izan da, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketa musikatua. Halaber, Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpenak ere ikusmin handia sortu zuen.

Gogoetaren Plazaren kasuan, hausnarketa mamitsuak eta eztabaida interesgarriak sortu dira, euskal kultura eta euskararekin lotutako hainbat gairen inguruan. Eztabaidarik jendetsuena eta interes gehien piztu zuena atzo arratsaldekoa izan zen, "euskara integrazio hizkuntza" hizpide zuena. Edozelan ere, azokazaleen joan-etorria gorabeheratsua izan da, saioaren arabera.

Musika Eskola Azokako espazio modura erabili da lehenengo aldiz, eta espazio horren balorazio ona egiten du antolakuntzak. Azokak Durangora zabaltzeko asmoz jarraitzen du, espazio gehiagotara helduz, eta Musika Eskola Azokako espazio berri modura finkatzeko asmoari eutsiko dio kulturaren plaza. Musika Eskola Azokako ekosistemaren osagaia bihurtuko da, beraz.

Balorazioa ona ere da DA PRO egitasmoaren kasuan. Ekimen hau ere Musika Eskolan antolatu da, eta 17 taldek parte hartu dute. Partehartzaileek ere modu positiboan baloratu dute ekimena, hainbat negozio-aukera sortu direlako jada, hainbat kontratazio adibidez, eta Azokak, beraz, egitasmo honetan sakontzeko eta urrats berriak emoteko asmoa berresten du.

Azokaren eragin ekonomikoa

Aurtengo balorazioarekin batera, Durangoko Azokak egiten duen ekarpen ekonomikoaren inguruko datuak kaleratu ditu gaur Gerediaga Elkarteak, Siadeco ikerketa taldearekin batera.

Ikerketak aditzera eman duenez, Durangoko Azokaren eragin ekonomikoa 5.848.000 eurokoa da. Bisitariek Landako Gunean 1.737.000 euro gastatu zituzten iazko Azokan: %60 liburuetan eta %30 diskoetan. Batez beste, erosle bakoitzak 49 euro xahutu zituen Landako Gunean. Azokatik kanpora, Durangoko ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetan, 28 euro gastatu zituzten batazbeste.

Aipatu dutenez, bisitarien erdiak Gabonetarako erosketak egiteko aprobetxatzen du Durangoko Azoka. Horrez gain, Azokaren eraginez, disko edo liburu bat erosteko asmoa erakutsi dute bisitari ugarik: %21ek Azoka ostean liburu bat erosiko du eta %22k bi eta bost liburu artean. Diskoei dagokionez, kopurua txikiagoa da: %10k izaten du disko bat erosteko asmoa Azoka ostean, eta %12k bi eta bost disko artean.

Bisitarien profilari dagokionez, nabarmentzekoa da bisitarien gehiengo zabala 45 urtetik beherakoa dela: 26-45 artekoak dira bisitarien %47, eta 18 eta 26 urte artekoak dira %20 (16 urtetik beherakoen daturik ez da jaso). Gehienak emakumeak dira, eta Bizkaia (%48) eta Gipuzkoatik (%37) datoz batez ere. Hamar bisitaritik bederatzi euskaldunak dira.

Durangoko Azokara etortzeko zergatien artean, honakoak dira bisitariek gehien aipatu dituztenak: euskara eta euskal kulturari bultzada ematea, euskal kulturagaz lotutako giroaz gozatzea eta euskal kulturako produktuen berri izatea.

Eragileei dagokionez, 2018ko salmentetan Durangoko Azokak izandako pisua ezberdina da eragile motaren arabera. Bataz besteko fakturazioa %22koa da. Durangoko Azokako langile kopuruari dagokionez, guztira 1060 pertsona ibili ziren lanean Azokan eta bezperako egunetan.

Durangoko Azokan izandako eragin ekonomikoa oso positiboa izan dela erantzun dute eragileen %21ek, eta nahiko positiboa %37k. Guztiek Azokak ematen duen ikusgarritasuna nabarmendu dute. Gehien baloratu dutena "Azokaren erakusleiho" izaera da, eta euskal kulturako gainontzeko eragileekin harremanak izateko aukera izatea. Alde negatiboan, erakusmahaien prezioa aipatu dute batez ere.

Nabarmentzeko datua da, bai bisitariek bai eragileek Azoka oso ondo baloratzen dutela. Bisitarien kasuan %70k oso balorazio ona egin du, eta %27k ona. Alderdi baikorren artean, eskaintza eta aniztasuna; sortzaileek Azokan parte hartzea eta Durangon sortzen den giroa. Alderdi ezkorretan, jendetza, garraioarekin lotutako arazoak ?aparkatzeko arazoak batez ere? eta sortzaile ezezagunen ikusgarritasun txikia.

Eragileen artean ere, %82k balorazio oso ona edo ona egin dute. Eta Azokaren oihartzun mediatikoaren balorazioa ere beste horrenbestekoa da: %41k oso ona dela erantzun du, eta %46k ona.

Gerediaga elkartearen irakurketa

Gerediaga elkarteak azterketa ekonomiko honek azaleratu dituen datuen garrantzia azpimarraitu nahi izan du. Eragin ekonomikoari dagokionez, adibidez, nabarmendu dute 655.000 euroko aurrekontua duen ekimen batek "halako bederatzi" eragiten duela. Horrez gain, kontuan hartzekoa da "Azokan stand bat jarri dutenen urteko fakturazioaren pisu handia duela Durangok, batazbeste %22koa baita".

"Argi dago, kultura kontsumoaren aldaketei erantzun egin beharko diola Azokak hurrengo urteetan. Horretarako etengabe entzuteko jarrerarekin jarraituko dugu. Bereziki gazteengan arreta jartzea izango da apustuetako bat".

Azterketan aipatzen denez, bisitariek Azoka oso modu positiboan baloratzen dute, baina badira hobetu beharrekoak, batez ere aparkaleku eta garraio publikoari dagokionez. Gerediagak ahaleginak egingo ditu bisitariei erraztasunak emateko Durangora heltzeko, eta deia egiten die erakunde publikoei ere elkarlanerako, batez ere garraio publikoari dagokionean.

Datu ekonomikoez gain, Gerediagak azpimarratu nahi izan du aberastasuna zenbakietan baino, neurtu ezin den balioan dagoela. "Aurtengo leloari erreparatzen badiogu, osotasun baten parte gara gutako bakoitza eta ekosistema berezia osatzen dugu. Ekosistema hau oasi batean gera ez dadin, urte osoan zehar bizia ematea da orain erronka. Baina horretarako denok gara beharrezkoak, ekosistema hau osatzen dugun guztiok".