zenbait pertsona oraindik ohartu ez badira ere, Durangoko Azokaren 54. edizioa aldaketa nabari batekin iritsi da. Ohiko stand zuriak atzean geratu dira egurrezko eta burdinezko kutxa berrien mesedetan.

Gauzak horrela, urte askotan izandako itxurari agur esan zion atzokoan Landako Guneak, eta gutxienez, 2023ra arte ez dira itzuliko: “Berriak lau urte mantenduko dira. Hori bai, zaharrak ez dira botako, beste gauza batzuetarako erabiliko ditugu, esaterako, tarimak egiteko”, azaldu zion atzo DEIAri Yolanda Astigarraga Erakuseko ordezkariak.

Aldaketak egon badira ere, stand-en diseinu eta muntaketaren atzean Arrigorriagako Erakus enpresa mantentzen da. Orotara, 25 langile dira, eta sail ezberdinetan banatzen dira. “Adibidez, ni azokaren muntaketa eta desmuntaketaren arduraduna naiz, gero arotzak edota burdingileak daude, diseinugileak?”, aintzatetsi zuen Astigarragak.

Stand barruan urtero orduak eta orduak igarotzen dituzten eta berrikuntzak lehen pertsonan bizi dituzten editorial ezberdinetako langileek, eta atzo Landako Gunetik igaro ziren bisitariek ikuspuntu ezberdinak dituzte azokaren irudi berriaren harira.

“Aldaketak Landakori begira egin ditugu, Landakok berez badu burdin asko, eta gero gure herriak egurra duenez, pentsatu genuen ideia ona zela. Hartara, beste stand mota bat atera dugu, politagoa, desberdina, azoka itxuraz pixka bat alda-tzeko”, adierazi zuen Erakuseko ordezkariak. Ezbairik gabe, esaldi horren amaieran aipatutako “itxura” izan da aurtengo standetako aldaketarik deigarriena. “Aire modernoagoa eta goxoagoa ematen diote stand berriek azokari, oso polit jarri dituzte, eta nire ustez, asko janzten dute azoka”, adierazi zuen Ttartalo Itziar Irastorzak. Honen harira, Aitor Arroyo bisitariak, iraganekoak aldatzeko beharra zegoela azpimarratu zuen: “Nik uste dut aurrekoak zaharkituta zeudela, eta berriek zegoen behar bat asetzen dutela, diseinu nahiko polita atera dute egurraren itxura horrekin. Gainera, ez dute zutabe handirik, eta liburuak zein diskak ikusteko espazio handia dago”.

Alabaina, itxura berritzaile horretan itxurakeriaren oztopoak topatu zituzten hainbatek. “Bisualki oso ondo, baina ez da batere funtzionala”, aitortu zuen Txalapartako Irati Esparzak. “Guretzako deserosoagoak dira zutabe berriak, liburuak hartzeko espazioa murrizten dutelako”, berretsi zuen Denon Arteaneko Kike Uhaldek. Ildo beretik, beheko armairuetako ateez kexatu zen Alberdaniako Jorge Gimenez: “Niri ez zait gustatzen hau, beheko armairuetako ateak oso txikiak dira, orduan gauzak sartzeko eta atera-tzeko lana konplikatzen dute”. Hala eta guztiz ere, Gimenezek ez zituen alboratu puntu positiboak: “Paretak askoz ere kalitate hobea du, lehen ahulagoa zen, baina orain ondo eusten dio, eta standen izenak handiagoak dira, eta hori, datu inportantea da”. Uhaldek ere mostradoreen altuera berria eskertu zuen: “Guk haur literatura dugu, eta haurren-tzako oso aproposa da mostradoreek duten altuera berria”.

Altuerarena sentsazio bat izango da, zentzu horretan ez delako aldaketarik egin. “Alboek hamar zentimetro gutxiago dituzte bakarrik, baina altuera aldetik, standak berdinak dira”, gogoratu zuen Yolanda Astigarraga Erakuseko ordezkariak. Halaber, altueratik kantitatera jauzi eginez, stand berriek inbertsio handia ekarri dutela aintzatetsi zuen Astigarragak: “Argi dago aurten pila bat gastu egon dela, eta irabaziak baxuak izango direla. Gero datorren urtean eta hurrengoan stand hauek mantenduko direnez, gastuak murriztuko dira, eta hor irabaziko dugu zeozer”.

berrikuntzetatik haratago Gazteentzako metodo berritzaileak agerikoak izan ziren atzoko egunean. Izan ere, Euskal Herriko eskola ezberdinetako hainbat ikasle kazetariak izan ziren egun batez, Landako Gunean zeuden pertsonei elkarrizketak eginez, adibidez. Beste batzuk, hamar galderari eran-tzunak aurkitzeko beharrean ikusi zituzten euren buruak. Zarautzeko euskara irakasle batek eskolan horretarako prestatu dituztela aitortu zuen: “Etorri baino lehen ikasleak girotu ditugu, haiek ikus dezaten zer den errealitatean Durangoko Azoka eta euskak kultura, eta era berean, pixka bat busti daitezen”.