BILBO. Hurrengo astelehenean, hilak 9, Angel Mirouk idatzi eta Bea Insak zuzendutako Camiselle antzezlana hartuko du Arriaga Antzokiak. Ikuskizuna arratsaldeko 19:30ean hasiko da.

Bi sortzaileek bultzatutako La Pacheca Collective proiektua, naturalismoa eta absurdoa, ametsa eta errealitatea, amesgaiztoa eta gozamena, uztartzen dituen egitasmoa da. Loli Astoreka da antzezlaneko antzezle taldearen buru, eta Bea Insa bera eta Juanjo Otero ere agertoki gainean egongo dira. Hiruek ematen die bizia agertokian “benetako gertakarietan inspiratutako amesgaiztoari”. Lanaren abiapuntua, Espainiako ospitaletan lapurtutako ume jaioberrien salmentaren eskandalua da. Uste dugunez, frankismo garaian hasi zen, eta demokrazian ere jarraitu zuen, baina? noiz arte?

Arriaga Antzokiak, antzezlanaren behin betiko muntaketa gisa ulertu daitekeena jasoko du. Gogorarazi behar da 2018ko urriaren 9an lan horren bertsio laburra estreinatu zela Bilboko EHU/UPVn, eta hilabete batzuk geroago, 2019ko otsailaren 16an, hain zuzen ere, bertsio luzea ikusi ahal izan zela Barakaldoko Teatro Arimaktore Aretoan, astelehen honetan Arriaga Antzokian ikusi ahal izango dugun azken bertsioaren work in progress gisa.

Sinopsia

Errepideko alterne taberna batean, kamioilari eta moja bat lapurtutako ume jaioberri baten salmentari buruz eztabaidatzen ari dira. Erizain sexy batek jartzen dizkie kopak. Edo agian ospitale bat izango da kamioilaria eta moja lapurtutako ume jaioberriari buruz eztabaidatzen ari diren lekua, eta erizain batek morfina ematen die, irensten ari zaien minbizia gainditzen laguntzeko. Benetako edo irudimenezko gau horretan, kamioilariak eta mojak ume jaioberriaren balizko erosleak bisitatuko dituzte, eta pixkanaka gizarteko geruza guztiak, ama ezkongabeak, medikuak eta familia dirudunak, inplikatzen dituen trama askatuko dute.