BILBO. Irakurleak, Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, gradu edota graduondokoa ikasten ari diren ikasleei euskara eta euskal kultur ikastaroak eskaintzen dizkieten irakasleak dira. Etxepare Euskal Institututik abiatutako eta kudeatutako programa bat da, atzerriko unibertsitateekin elkarlanean; eta irakasle guzti horiek eta euren ikasleek osatzen dute irakurletza sarea. Atzerrian, 1.800dik gora ikasle ari dira momentuotan euskara eta euskal kultura ikasten, 29 irakurleren eskutik; eta horietako askok hartuko dute parte ekitaldiotan.Irakurleek, euskara eta euskal kultura klaseak emateaz haratago doan lana egiten dute: euskal bizimodu eta tradizioen eredu eta sustatzaile dira atzerrian. Irakurleek, Etxepare Euskal Institutuaren sustapen eta laguntzarekin, euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatu ohi dituzte urtean zehar, Euskal Herrian garrantzitsuak diren efemerideak, pertsonaiak edota ohiturak ezagutarazteko helburuarekin.

Hala egin da ere, azken urteotan, euskararen nazioarteko egunarekin. Aurten, hamaika hiritan antolatu dituzte euskal kultura edota hizkuntzarekin erlazionaturiko izaera ezberdineko ekintzak. Txileko Santiago, Boise, Mexiko Hiria, Poznan, Helsinki, Paris, Frankfurt, Chicago, Berlin, Konstantza eta Bartzelona izango dira hiri horiek, eta ekintzak azaroaren 25etik hasita abenduaren 16ra bitarte garatuko dira.

Bartzelona izan da ekintzekin hasten lehena: bertsolaritza, feminismoa eta film laburrak izan dira egitarauaren protagonista azaroaren 25etik 29rako astean. Oraindik ere azaroan, Txileko Santiagon munduko txoko ezberdinetako sukaldaritzari lotutako ekimena antolatuko dute hilaren 30ean, euskal gastronomiari garrantzia berezia emanez. Amerikan jarraituz, hurrena Estatu Batuetako Boise hirian izango da: abenduaren 2an euskal zinema izango dute, eta 3an, euskal gaien inguruko argazkilaritza txapelketa baten finala.

Mexiko Hirian ere izango da ekintzarik; euskal ipuingintzan oinarritutako antzerki rallya antolatu dute, azaroan zehar garatu dena, eta euskararen egunean bertan ospatuko dute rallyaren finala. Egun berean, Chicagon, euskara eta feminismoa ardatz dituen hitzaldia izango dute eta, ostera, pintxo-jatea. Halaber, Berlinen ere ekitaldi interesgarria antolatu dute euskararen egunean, arratsaldez: euskara ikastaro laburra eta poesia-irakurketa izango dira, jatekoaz eta edatekoaz gain. Alemanian jarraituz, Konstantza hirian euskararen txokoa antolatuko dute Unibertsitatean, euskal hizkuntzari eta kulturari buruzko informazioa banatuz eta pintxoak eskainiz; baita film emanaldia ere.

Era berean, Helsinkin, euskararen egunaren ospakizun jaialdia egingo dute abenduaren 5ean, herri kirolak, euskal dantza, kontzertua eta beste hainbat tradizio praktikan jarriz. Parisen, dokumental baten proiekzioa eta osterako euskal kantagintzari buruzko hitzaldia antolatu ditu irakurletzak, abenduaren 6rako; baita bertsolaritza-tailer praktikoa ere. Azken-aurreko ekintza Frankfurten izango da: euskarazko rapari buruzko hitzaldi musikatua egingo dute, eta ostera praktikan jarri. Amaitzeko, Poloniako Poznan hirian, batetik, euskal gaiei buruzko erakusketa bat eta film laburren emanaldiak izango dira abenduaren 3an; eta, hilaren 16an, bestetik, hizkuntza eta kolektibo gutxituetako ikus-entzunezko eduki digitalei buruzko mahai ingurua.