Anjel Lertxundi Miamiko liburu azokan izango da
Bi ekintzatan hartuko du parte,"Protagonistas en Épocas Difíciles" eta IV Haurrentzako Literatura eta Irakurketa Mintegian
BILBO. Lehenengo solasaldia, "Protagonistas en Épocas Difíciles" deiturikoa, eguerdiko 13:15ean izango da. Bertan, Lertxundik Wendy Guerra idazle kubatarrarekin eta Inma López Silva idazle espainiarrarekin partekatuko du hitza, eta bakoitzak bere lan bat aurkeztuko du. Lertxundik 2015an argitaratutako Zu eleberria eramango du, gaztelerara Tú izenez itzulia; gaixotasunari eta heriotzaren ezinbestekotasunari buruzko kontakizun intimista. Guerrak, bestalde, Historia de un mercenario que coleccionaba obras de arte eleberria aurkeztuko du, Latinoamerikako alderdi ezkertiarrei aurka egin zieten etsaien ikuspegi bat eskaintzen duen lana; eta López Silvak, azkenik, bost emakumek kartzelan bizitako esperientzia kontatzen duen Los días iguales de cuando fuimos malas aurkeztuko du.
Horrez gain, Cuatrogatos fundazioak antolatu duen eta larunbate an egun osoan zehar luzatuko den IV Haurrentzako Literatura eta Irakurketa Mintegian, mahai-inguruetako batean hartuko du parte Lertxundik arratsaldeko 16:00etan. Saioaren izena “Por qué y para qué de los libros para niños y jóvenes” izango da, eta haurrentzako eta gazteentzako literaturaren beharrari buruz eztabaidatuko du Socorro Venegasekin (Mexiko), Ramón Parisekin (Venezuela) eta Fanuel Hanán Díazekin (Venezuela) batera.
Miami Book Fair Estatu Batuetako liburu azoka handiena da. Nazioarteko 300 idazletik gora gonbidatzen dituzte bertara liburuen aurkezpenak, hitzaldiak edota mahai-inguruak egitera. Etxepare Euskal Institutuaren babesaz, euskal idazleek ere erreferentziazko azoka honetan parte hartzeko aukera dute.