Bilbo - Zer ezkutatzen dute gure mugikorrek? Noraino heltzen da intimitatearen muga? Gailu elektronikoetan duguna erakusteko prest egongo ginateke? Galdera horiei guztiei erantzungo die, edo behintzat hausnartzen lagunduko dute Perfectos desconocidos obraren lantaldeak, komedia dela medio, atzo Arriagara heldu eta hilaren 22ra arte izango dena.

Daniel Guzmanek zuzenduta, Paolo Genoveseren filmean dago oinarrituta, Ignacio Malaina Arriagako zuzendari kudeatzaileak atzo adi- tzera eman zuenez, “barreak eragingo dituen obra da Perfectos desconocidos, baina umoretik haratago doa, izan ere mugikorrek gure bizi-tza nola menderatzen duten islatzen du komedia honek”.

Lagunak diren lau bikote, horietako baten etxean afaltzeko elkartzen direnean hasten da obra. Bertan, jolas arriskutsu batean parte har-tzeko apustua egiten dute; guztiek telefonoak mahai gainean utzi eta mezu edo dei bat jasotzean, ozen irakurri edo entzun beharko dute. Hala, guztien sekretu eta intimitateak azaleratuko dira.

Antonio Pagudo, Inge Martin, Olivia Molina, Fernando Soto, Elena Ballesteros, Jaime Zaratain eta Ismael Fritschi izango dira pantaila handian hain ospetsuak bihurtu ziren pertsonaiei bizitza ematearen arduradunak.

Mugikorra erakutsiko zenuke ezkutatzeko ezer izan ez arren? Hori da antzezleek oholtza gainera eramaten duten obraren gaia atzo azaldu zutenez; mugikorrek gure bizi- tzan duten presentzia islatzeaz gain. Izan ere, Sotoren hitzetan: “Gure DNA osoa dago sartuta mugikorretan: harremanak, gezurrak, sekretuak...”. Hala, “sorpresak eta existi- tzen ez zirela ematen zuten sekretuak agertzen dira, ezkutatutako gauzak... horiek guztiek barreak eragingo dituzte publikoaren artean”, gaineratu zuen Martinek.

Pantailatik oholtzara Madrilen zazpi hilabete egon den eta Arriagan hamabi emanaldi eskainiko dituen obrak Genoveseren Perfetti sconosciuti filmean dago oinarrituta, geroago Alex de la Iglesiak ere pantaila handira eraman zuena. Bertan, Belen Rueda, Ernesto Alterio edo Juana Acosta antzezleak ziren protagonistak; oraingoan haien testigua Antonio Pagudo, Inge Martin eta Olivia Molinak hartuko dutelarik. Hala ere, zuzendariaren hitzetan, zailtasun nagusia filmeko plano laburrek ahalduntzen duten emozioak era berean transmititzea izan da, baina umorea indartu eta pertsonaien arteko harremanean sakondu dute oraingo honetan. Horrenbestez, “argumentuzko ildoak eta istorioaren gertutasunak ezustez betetako bidaia bilakatzen dute komedia, umore askorekin, baina baita gizatasun eta sakontasun handiarekin”, Guzmanen arabera.