BILBO. Lehiaketa honetan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osatutako taldeek har dezakete parte. Lehiaketaren helburua da haien lanak bultzatzea eta zabaltzea, agertokia Estatuko zein nazioarteko beste talde batzuekin partekatzeko aukera emateaz gainera. Bilbo Hiria Pop-rock lehiaketa Europako musikaren panoraman aitzindari bihurtu da.

Epaimahaia musika-arloko espezialistek osatu dute, eta haren ardura izan da sailkapen-fase honetan zuzenean joko duten 32 taldeak hautatzea. Edizio honetan 344 taldek eman dute izena (256 talde pop-rock modalitatean; 41, metalekoak; eta 47, urban modalitatean), eta haien artetik aukeratu dira taldeak.

Sailkapen-kontzertuen bidez, kategoria bakoitzetik finalean arituko diren hiru taldeak hautatuko dira. Finaletako kontzertuak Bilborock-en izango dira: urriaren 17an pop-rock modalitateko finala jokatuko da, urriaren 18an metal modalitatekoa eta 19an urban modalitateko finala egingo da.

AUKERATUTAKO TALDEEN SOSLAIA

Aukeratutako taldeen % 28, hau da, 32tik 9, Euskadikoak dira: 8 Bizkaikoak eta 1 Arabakoa; gehienak, % 66, Estatukoak dira, batez ere Madril eta Valentziakoak. Azkenik, 2 talde, guztien arteko % 6, estatutik kanpokoak dira, zehazki, Frantzia eta Portugalekoak.

32 talde horietako kideak, guztira, 124 dira. Partaideen batez besteko adina 28 urtekoa da.

Parte hartu duten taldeen % 28an, 32tik 9tan, emakumeren bat dago. Taldeetako bat, Pinpilinpussies (Bartzelona), soilik emakumez osatua da. Zentzu horretan, emakumeak dauzkaten taldeen portzentajea areagotu da aurreko edizioaren aldean: guztien % 12 dira. Hain zuzen ere, taldeetan emakumeen kopurua areagotzea da lehiaketaren erronketako bat.

Hala, beraz, bihar, irailak 5, 19:00etan, Bilborocken, Musik / Fem Bilbao ospatuko da, zeinaren ardatza mahai-inguru bat izango baita, emakumeek zuzeneko musikan duten lekuari buruzkoa. Mahai-ingurura edonor sartu ahalko da, doan; han izango dira MIM-Mujeres de la industria de la música elkarteko presidentea, Carmen Zapata; Belako taldeko Cris Lizarraga, eta orobat Eva Sarasola, Last Tour International ordezkatuz, eta Leyre Aranguren, Aberein Estudioetakoa. Arkaitz Villar, EHMBE elkarteko kidea eta MUSIK/FEM-en sustatzailea, Jone Novorekin batera, izango dira mahai-ingurua zuzentzen.

KONTZERTUEN EGUTEGIA

Sailkapen-kontzertuak eta finalak egun hauetan egingo dira, parte-hartzaile bakoitzaren musika-estiloaren arabera banaturik:

Pop-Rocka

Sailkapen-kontzertuak: irailaren 12, 19 eta 26an eta urriaren 3an.

Finala: urriaren 17an

Metala

Sailkapenekoak: irailaren 13an eta 20an.

Finala: urriaren 18an

Urban

Sailkapenekoak: irailaren 27an eta urriaren 4an.

Finala: urriaren 19an

Hiru sari emango dira modalitate bakoitzean: 4.000 euro modalitateko bakoitzeko irabazlearentzat; bigarrenentzat 2.000 euro, eta hirugarrenen geratzen direnentzat 1.300 euro. Era berean, epaimahaiaren sari berezia ere emango zaio Bizkaiko talde edo bakarlari onenari, 1.000 euroko balioa duena, bertoko taldeen lana sustatu eta balioa eman nahian.

Eskudirutan emango diren sari horiez gainera, beste batzuk ere izango dira, babesleek emanak (materiala, zabalkundea, zuzeneko emanaldiak?). Kontzertuetara doazenek ere izango dute sari batzuk eskuratzeko aukera ?esaterako, jaialdietarako abonuak?, finalistak hautatzeko bozketetan parte hartuz gero.

WEBGUNEA ETA STREAMING BIDEZKO FINALAK

Finalak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Udalaren webgunean, bilbaogazte.bilbao.eus atalean.

Webgune horretan, gainera, lehiaketaren gaineko informazio guztia begiratu ahal izango da, hala nola kontzertuen datak, taldeen gaineko informazioa, eta, horrez gain, talde bakoitzak aurkeztutako kantak ere eskura izango dira, eta kontzertuen bideoak ere bai.